Ertzaintzak Italiatik iritsitako marihuana-kargamentu bat atzeman du Abadiñon

0

Sestaoko Ertzain-etxeko agenteek Italiatik iritsitako 75 kilo marihuana atzeman zituzten atzo goizean Abadiñon. Hainbat ordu lehenago Trapagaraneko industrialde batean hasitako ikerketaren ondoren atzeman zuten kargamentua. Operazioan ikerketapean geratu da, droga-trafikoaren delituagatik, droga jaso behar zuen 45 urteko gizon bat.

Atzo goizean Ertzaintzak berriemaile baten deia jaso zuen, Trapagaraneko industrialde batean aparkatuta zegoen kamioi bateko pakete batzuek marihuana usain handia zutela esanez. Adierazitako lekura hurbildu ziren Sestaoko Ertzain-etxeko baliabideek garraiolariak esandakoa egia zela egiaztatu zuten.

Horrela, Ertzaintzak ikerketa jarri zuen abian zama nondik zetorren eta nora zihoan jakiteko. Egindako kudeaketei esker jakin ahal izan zuten kargamentua Italiatik iritsi zela eta Bartzelonako portutik sartu zela Penintsulan. Bertan kamioi batek jaso zuen legezko beste hainbat salgairekin batera, eta Euskadira ekarri zuen.

Horrela, uniformatu gabeko hainbat polizia-baliabidek zamari helmugara jarraipena egiteko dispositibo bat prestatu zuten, eta Abadiñora iritsi ziren. Kargamentua 45 urteko gizon batek jaso zuen, eta hainbat kaxa auto batean sartzen ari zen unean hurbildu zitzaizkion Ertzaintzako agenteak.

Susmagarria identifikatu zutenean, agenteek egiaztatu zuten 15 kilogramoko 5 kaxa zirela, eta barruan marihuana zutela. Ebidentzia horien aurrean, agenteek susmagarriari, polizia-aurrekariak dituen 45 urteko gizonari, jakitera eman zioten ikerketapean geratu zela droga-trafikoaren delitu batengatik. Garraiolaria identifikatu egin zuten, baina uste da ez duela zerikusirik legez kanpoko jarduerarekin.