Eusko Jaurlaritzak Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Lege-proiektua onartu du eta Legebiltzarrera igorri du

0

Gobernu Kontseiluak, gaur, Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Lege-proiektua onartu du. Lege-proiektu hori Legebiltzarrera igorriko du bertan eztabaidatzeko. Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak uste du «Legea eztabaidatzeko eta behin betiko onartzeko unea dela» eta ziur dago «ahalegin hau behin betikoa izango dela».

Euskadiko Ingurumen Administrazioari buruzko Lege-proiektua “araudi adimenduna” kontzeptua jarraituz osatu da. Kontzeptu horren arabera, araudia lantzeko herritarren papera indartu behar da, eragin sozioekonomikoa aztertu behar da eta administrazioa sinplifikatzearen ikuspegia erabili behar da (ingurumeneko esku-hartze prozedurak bateratuz eta alferrikako tramiteak ezabatuz).

Proiektuak EAEko Administrazio publiko bakoitzari, ingurumen-arloan, dagozkion eskuduntzak erregulatzen ditu, koordinazio-tresnak antolatuz, adibidez, Ingurumenaren Esparru Programa eta Ingurumen Aholku Batzordea. Azken hori organo aholku-emaile eta parte hartzeko gisa eratzen da.

Administrazio publikoaren eta herritarren arteko erlazioa bultzatzeko sistema berria diseinatuko da, ingurumenaren arloko erabakiak hartzean herritarrek parte har dezaten, ingurumena eta jasangarritasuna babestearekin lotuta informazio-hornidura, parte-hartzea eta justiziara iristea erregulatuz.  Horren haritik, INGURUNET ingurumen-tramitazioko tresnaren normalizazioa aipatu behar da, besteak beste, kudeaketa, ikerketa eta erabakiak hartzea antolatzeko baliabide gisa.

Lege-proiektuak arreta berezia jartzen du ingurumenean eragina duten jardueren antolamenduan, sektore-araudian aurreikusitako administrazio-prozedurak sinplifikatzeko eta bateratzeko premisekin, betebeharrak barne hartuz, eta jarduerak garatzeko oztopo juridikoak eta administraziokoak ezabatuz, baina, aldi berean, Euskadiren berezko ingurumen-kalitateko goi-mailako estandarrak mantenduz.

Lege-proiektuan ingurumena hobetzeko tresnak ere erregulatzen dira. Ildo horretatik, EMAS Ingurumena Kudeatzeko eta etiketa ekologikoko sistema europarrak, produktuen eta antolakuntzen bizitza-zikloaren analisia, ekoberrikuntza, erosketa publiko berdea, fiskalitate ekologikoa edo ingurumen-interes orokorreko boluntarioen ekintzak aipatu behar dira. Horiek guztiak ingurumena babesteko erantzukizun publiko eta pribatua sustatzeko, eta arlo horretan betebeharrak betetzeko diseinatutako mekanismotzat jo dira.

Ingurumenean eragina duten jarduerak ikuskatzea eta kontrolatzea —legearen mendeko jarduerak legezkotasunera egokitzen direla bermatzeko— kontu handiz erregulatzen da, legezkotasun hori berriro ezartzeko eta ingurumenean eragindako kalteen ondoriozko erantzukizuna eskatzeko aurreikuspenekin batera. Bertan ere jasoko da haren diziplina-erregimenaren barneko arauan tipifikatzen diren arau-hausteak egin izanaren ondoriozko zigorrak aplikatzea.

Oro har, indarrean dagoen araudia asko hobetzen duen proiektua da, ingurumenean eragina izan dezaketen jardueren kontrolean urratsak ematen dituelako, eta honetatik haratago doazen tresnak gehitzen dituelako, adibidez, ingurumeneko elkarlanerako erakundeen figura eta ingurumenari lotutako boluntarioak, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoa den Erosketa publiko berdea, eta hainbat figuren bitartez etorkizuna sustatzea, adibidez, Ekoberrikuntza eta ingurumen-fiskalitatea.

Legebiltzarreko tramitazioaen bidez gaur Gobernu Kontseiluan onartutako dokumentua aberastuko da ekarpenak eginez. Sailburuaren iritziz, dokumentuak “abiapuntu egokia den legegintzako oinarri bat eskaintzen du”.