Lehendakariordeak lurraldeko suspertze-planak aztertu ditu Arabako Enplegu diputatuarekin

0

Idoia Mendia lehendakariorde eta Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enpleguko sailburuak lurralde historiko honetan aukerak bultzatzeko jarduerak aztertu ditu gaur Cristina González Arabako diputatuorde nagusi eta Enpleguko foru arduradunarekin, bereziki zailtasun handienak dituzten eremuetan, Aiarako haranean, esaterako.

Proiektuen koordinazioa bilatzeko gizarte-, ekonomia- eta erakunde-eragile guztiekin izan dituzten harremanen barruan, Mendiak eta Gonzalezek azkenaldian arrakastaz abian jarritako esperientziak partekatu dituzte, Eusko Jaurlaritzak onartutako Berpiztu Programan jasotako ekonomia eta enplegua suspertzea helburu duten plan espezifikoei aurre egiteko oinarri gisa.

Lehendakariordeak eta diputatuak zailtasun bereziak dituzten eskualdeetan jarri dute arreta, hala nola Aiaraldean. Izan ere, bertako enpleguan eta ekonomian eragin handia duten eta pandemiak sortutako krisiaren aurretik ere arreta berezia behar zuten industria-enpresa garrantzitsuek bertan dute egoitza. Suspertze-planak Eusko Legebiltzarrean horretarako sortutako batzorde txostengile espezifiko baten barruan adostuko dira. Lantalde hori sortzeak talde guztien babesa merezi izan du. Adostasun horrek kezka partekatua islatzen du, eta proposamen partekatuekin erantzun behar zaio, Mendiak berak enpleguaren arloko jarduera guztietarako eskatzen duen bezala.