Bingen Zupiriak «Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitektura eta Paisaia» erakusketaren aurkezpenean parte hartu du

0

Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren presidente Bingen Zupiriak «Otl Aicher. Metro Bilbao. Arkitektura eta Paisaia» erakusketaren aurkezpenean parte hartu du gaur Bilboko Arte Ederren Museoan.

Museoak Otl Aicher diseinatzaile grafiko alemaniarrari eskainitako nazioarteko lehen atzera begirako erakusketa handia aurkezten du, HfG-Archiv Ulmetik (Ulmeko Diseinu Goi Eskolako Artxiboa) (Alemania) etorritako berrehun obra eta objektu baino gehiagorekin. Horien artetik nabarmentzekoak dira Metro Bilbaorako proiektuaren 80 marrazki argitaratu gabeak eta Norman Foster Foundationen artxibotik ateratako dozena bat marrazki eta argazki, Foster eta Aicherren arteko lankidetzaren emaitza.

Halaber, museoak lehen aldiz aurkezten duen diseinuari buruzko erakusketa monografikoa da, zeina Metro Bilbaoren 25. urteurrenaren –azaroaren 11n– karietara antolaturiko ekimena den. Hain zuzen, Metro Bilbao 2001az geroztik da museoaren Patronatuko kide. Metro Bilbao da Aicherren ibilbideko proiektu nagusienetako bat, eta museoak lan hori aldarrikatu nahi du orain, hiria aldatzeko gai den diseinuaren eredu paradigmatikoa baita –kasu honetan, lurpetik–, bai eta hiritarrek hura ulertzeko modua aldatzekoa ere.