Javier Hurtado sailburuak 15 milioi euro gehigarri iragarri ditu turismo, ostalaritza eta merkataritzako erresistentzia-planerako

0

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok erakunde arteko mahairako deialdia egin du gaur, turismo, ostalaritza eta merkataritzako erresistentzia-planeko neurriak aztertzeko. Sailburuak aurreratu duenez, Eusko Jaurlaritzak bikoiztu egingo ditu COVID19 ezohiko laguntzak. Laguntza horiek 15 milioi euroko zenbatekoa zuten, eta, beraz, 30 milioi euro izango dira, ahalik eta pertsona gehienengana iritsi ahal izan daitezen. Beste 15 milioi gehigarri horiekin, Sailaren Erresistentzia Planak 45 milioi euroko zenbatekoa izango du turismo, ostalaritza eta merkataritzaren sektoreak babesteko.

Laburbilduz, Sailak 30 milioi eurotik gorako ekarpena egin zuen Covid-19ak eragindako krisiari erantzuteko laguntza eta dirulaguntzetan: 15 milioi ezohiko laguntzetan, 8 milioi ohiko laguntzetan, eta 5,7 milioi kontsumoko bonuetan. Gainera, ostalaritza-elkarteei zuzendutako dirulaguntzek % 265eko igoera izango dute, eta beste laguntza batzuk ere emango dira. Horri guztiari, 15 milioi euro berriak gehituko zaizkio, eta, beraz, Erresistentzia Planak 45 milioi eurotik gorako zuzkidura izango du.

Koordinazio-mahaiaren lehen bilera horretan, Eusko Jaurlaritzako 4 saileko ordezkariak izan dira: Javier Hurtado, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua; Jesus García de Cos, Turismo eta Merkataritzako sailburuordea; Elena Pérez, Enplegu eta Gazteriako sailburuordea; Hernando Lacalle, Ekonomia, Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordea; eta Jone Berriozabal, Erakunde Harremanetarako sailburuordea.

Halaber, aldundietako eta hiriburuetako udaletako honako ordezkari hauek izan dira: Cristina Gonzalez, Arabako Foru Aldundiko diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko foru-diputatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua; Imanol Lasa, Gipuzkoako diputatu nagusiordea eta Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru-diputatua; Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia Maider Echevarría, Gasteizko Udaleko alkateordea eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi ordezkaria; eta Marisol Garmendia, Donostiako Udaleko alkateordea eta Gune Publikoetako eta Hiri Proiektuetako zinegotzia.

Sailburuak koordinazio-mahaia sortzeko proposamena azaldu zuen joan den asteko agerpenean. Mahai hori osatzen duten erakundeek 4 mahai tekniko eratzea proposatu dute, administrazioek adostu dituzten gaiak lantzeko.

Neurri ekonomikoen mahai teknikoa

Neurri ekonomikoen mahaiak laguntzen ezaugarriak, funtzionamendua eta izan ditzaketen disfuntzioak partekatzea du helburu, landu beharreko egoeraren mapa argi bat lortzeko eta neurri berriak ezartzeko. Adibidez, gainfinantzaketak eragin litzaketen gainjartzeak edota, aitzitik, norbait laguntzetatik kanpo utz lezaketen bateraezintasunak saihesteko ahaleginak egingo lirateke. Laguntza batzuk ez dira nahikoak izaten ari, eta beste batzuk, berriz, ez dira osatzen ari. Hori dela eta, “gure ustez, baliabideak optimizatu egin daitezke, baina, horretarako, ezagutu eta aztertu egin behar dira”, azaldu du sailburuak.

Laburbilduz, lehenik eta behin, dirulaguntzen mapa bat egingo du, eta, bertan, turismora, merkataritzara eta ostalaritzara bideratu dituen eta bideratzen ari den laguntzak eta neurriak jasoko ditu erakunde bakoitzak. Informazioa dauden laguntza guztiak bilduko dituen erakunde arteko web-plataforma batean argitaratu ahal izango da, sektoreak ezagutu eta lortu ahal izan dezan. Bigarren lan-arloa erakundeek kontsumo arduratsua sustatzeko ezarritako neurrien (hala nola kontsumoko bonuen) azterketari, funtzionamenduari eta neurri alternatiboei lotuta egongo da. Eta, hirugarrenik, Elkargi funtsen egoera eta haien erabilera suspertzeko modua aztertuko dira.

Merkataritza lokalen egoera aztertzeko mahaia

Negozio asko bizi duten murrizketa-testuingurua dela eta beren kontratu-betebeharrei (eta, bereziki, merkataritza-alokairuen ordainketei) aurre egiteko jasaten ari diren egoera zailari erantzungo dion proposamen bat landu nahi da.

Sailburuaren ustez, funtsezkoa da administrazioa barnean hartuko duen eta errentarien eta errentatzaileen arteko negoziazioa eta bitartekaritza sustatuko dituen erantzukizun partekatuko proposamen bat aztertzea, inplikatutako aldeekiko adostasunik handiena bilatzeko ikuspegian oinarrituta eta hartzen den edozein neurriren segurtasun juridikoaren premisapean.

Administrazio-izapideak arintzeko mahaia

 Mahaia osatzen dutenek mahaiaren helburuak eta funtzioak ebaluatu ondoren ondorioztatu dutenez, arlo horretan neurririk eraginkorrenak har ditzaketenak udalak dira. Hori dela eta, EUDELek koordinatzea proposatuko dute. Horren helburua da beren jardueran ezarritako mugak direla eta kaltetuta dauden sektoreei lana errazteko bideak aztertzea. Adibidez, lokalak egokitzeko, gune berriak erabiltzeko edota izapideak errazteko kudeaketak aldatu eta arinduko dituzten administrazio-neurri zehatz eta puntualen bidez.

Sektorea sustatzeko eta haren inguruan sentsibilizatzeko mahaia

Sektore horien lanaren balioa agerian uzteko, sektoreak berak sustatzeko eta herritarrak kontsumo arduratsuko neurriak hartzearen inguruan sentsibilizatzeko, mahai horrek publizitate- eta sustapen-kanpainak izango ditu ardatz. Zehazki, abian jarritako kanpainak, baliabideak eta etorkizuneko kanpainen koordinazioa (turismoa, ostalaritza eta merkataritza babestera zuzendutako mezu koordinatu bat eskaintzeko) aztertuko ditu.

Sailburuak azaldu duenez, “egungo egoeran, kutsatuen kopuruak gora nabarmen egin duela kontuan hartuta, beharrezkoa da administrazioek batera jardutea, negozioen eta lanpostuen galera saihesteko premiazko eta ezohiko neurri berriak aurkitu ahal izan ditzagun. Mahai honek aurrerapausoa izan behar du neurri eraginkorrak, zeharkakoak eta zorrotzak adostu eta hartzeko eta dagoeneko ezarrita dauden neurriak ebaluatzeko eta optimizatzeko bidean. Mahaia sektoreak behar dituen baliabideak eta laguntzak handiagotzeko tresna eraginkorra izan dadin nahi dugu, administrazio guztien erantzunkidetasunarekin. Horixe eskatzen digu sektoreak, horixe eskatzen du egoerak, eta hori lortzeko lan egingo dugu”.