Josu Erkorekak Berroziko Polizia-Zentroko unitateak ikusi eta ezagutu ditu aurrez aurre

0

Bisitan sailburuarekin batera izan dira Josu Zubiaga Segurtasuneko sailburuordea, Rodrigo Gartzia Ertzaintzaren zuzendaria, Josu Bujanda Ertzaintzaren burua eta Josu Gotzon Lujua Erakundeen Segurtasunerako burua.

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka gaur goizean izan da Ertzaintzaren Berroziko egoitzan, eta aurrez aurre ikusi eta ezagutu ahal izan ditu polizia-zentroan kokatuta dauden unitate ezberdinak.

Josu Gotzon Lujua Erakundeen Segurtasunerako buruak aurkeztu dizkio sailburuari Berrozin kokatuta dauden unitateetako (Babes eta Segurtasunerako Unitatea, Eraikinen Segurtasunerako Unitatea, Esku Hartzeko Unitatea eta Txakur Unitatea) buruak eta horietan ematen dituzten zerbitzuak eta betetzen dituzten eginkizunak.

Jarraian, Andoni Ajuria Babes eta Segurtasunerako Unitateko buruak eta Eraikinen Segurtasunerako Unitateko buruak bi unitate horien instalazioak erakutsi dizkiote eta horietan egiten duten lana azaldu diote.

Ondoren, Edorta Menendez Esku Hartzeko Unitatearen buruak bere unitatearen instalazioak eta unitateak erabiltzen dituen materialak aurkeztu dizkio lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuari, eta Miren Zamakola Txakur Unitatearen buruak unitateak nola jarduten duen erakutsi eta azaldu dio eta bertan lan egiten duten txakurrak aurkeztu dizkio, egiten duten lan-mota, hau da, erreskatea, segurtasuna, drogak edo lehergailuak bilatzea, azalduta.

Bisitari Berroziko kirol- eta entrenamendu-eremuan eman zaio amaiera.