Asteburuan gertatutako eraso matxista kondenatu du Barakaldoko erasoen aurkako mahai berriak

0

Batzartu da Barakaldoko Udaleko Erasoen Aurkako Mahai berria, asteburu honetan emakume batek jasandako eraso matxista kondenatzeko. Hau izan da Erasoen Aurkako Mahaiak udal alderdi politikoak batu dituen lehenengo aldia, eta hiriko elkarte feminista, emakume talde, LGTBIQ+ kolektibo, Udaltzaingo eta Emakume Arloarekin batera, gertatutakoa aztertu, eta egintzei jendaurrean erantzuteko ekintzak erabaki dituzte.

Jendaurrean kondenatzeko testu bat adostu du mahaiak, eta pandemiaren egoera ez ezik  espazio publikoetan jende pilaketa murriztu beharra ere ikusita, gaitzesteko ohiko elkarretaratzea ez deitzea erabaki dute. Hala ere, indarkeria matxistaren aurkako pankarta bat zintzilikatu da udaletxeko balkoian.

Mahaikideei jakinarazi die Emakume Arloko Rakel Olallak, gertakarien berri izan bezain laster jarri zela harremanetan erasoa jasandako emakumearekin, udalaren babesa adierazi eta Arloak bere esku dauzkan baliabideak eskaintzeko.

Joan den asteburuan gertatu zen erasoa: 34 urteko gizonezko bat atxilotu zuen Barakaldoko Tokiko Poliziak, autobus geltoki batetik hurbil, ustez eraso matxista bat egiteagatik emakumezko bati.