DonostiaINN enpresa berritzaileen sariak banatu dira

0

DonostiaINN enpresa berritzaileen sariak banatu dira, Berrikuntzaren Astearen barruan. Bosgarren edizioan, Bunt Planet enpresa izan da saritua enpresa finkatuen kategorian, eta Viralgen enpresa gazteen kategorian.

Sariak banatzeko ekitaldia Berrikuntzaren Astean egin da, Donostiako Maria Cristina Hotelean. Bertan izan dira Eneko Goia Donostiako alkatea, Ekonomia Bultzatzeko zinegotzi Marisol Garmendia eta Ekonomia Sustapeneko diputatu Imanol Lasa.

Marisol Garmendia Ekonomia Bultzatzeko zinegotziak adierazi duenez, “sari horien asmoa da balioa ematea eta aitortza egitea Donostian berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten enpresei. Bunt Planeten jardueran ikus dezakegu, software ingeniaritzan berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustuaz gain, berrikuntza erraztea bezalako alderdi gako bat. Bere gaitasunen bitartez, bere zerbitzuak jasotzen dituzten enpresei prestakuntza eta gaikuntza espezifikoa ematen die, bereziki maila industrialean, jasangarritasunaren eta uraren kudeaketaren alorrean. Modu jasangarrian kudeatzeko gaitasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustuaren adibide garbia da, gure hiriaren errealitatea ondo islatzen duena. Viralgeni dagokionez, oso denbora laburrean erakutsi du bere apustua dela Donostian eta Gipuzkoan potentzial handia duen proiektu baten adibide garbia. Garbi dago bioteknologiaren edo biozientzien sektorea aukera handiko sektorea dela gure hirian, enpresa gazteak sortzen ari baitira haren inguruan. Argi daukagu lagundu egin behar zaiela, Donostia Sustapenak egiten duen moduan, hainbat instrumentu eta programaren bitartez. Harvardek Viralgen aukeratu du COVIDarentzako txerto bat fabrikatzeko, eta duela gutxi Bayer multinazional alemanak eskuratu du enpresa. Horrelakoek indartu besterik ez dute egiten bere potentziala eta epe laburrean hazteko aukera, horrek gure hiriarentzat dakarren guztiarekin”.