55.314 euro inbertituko ditu Barakaldoko Udalak udalerriko gazte langabetuen enplegagarritasuna hobetzen. Goizean eman dute horren berri prentsaurrekoan Gazteria Arloko zinegotzi Jonathan Martínek eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketako Juan Antonio Pizarrok. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Santurtzi, Portugalete, Sestao eta Barakaldoko udalek garatzen duten Gaztedi Ezkerraldea hitzarmenaren barruan sartuta dago ekimena.
Zehazki, aurtengo proiektuaren xedea udalerriko adinekoen arteko eten digitala estutzea da, eta lan esperientzia zehatz bat egin ahal izatea eskaintzea parte hartuko duten gazteei, lan kontratuak dirauen bitartean sostengua izan dezaten. Jarraipena egitea ere du xede proiektuak. Barakaldoko 35 urtetik beherako 3 langabetuk hartuko dute parte; udalerrian erroldatuta eta Lanbide-Euskal Enplegu Zerbitzuan lan eskatzaile gisa izen-emanda egon behar dute. Haietako bik hezitzaile profila izan behar dute, eta gainontzekoak, berriz, koordinatzaile profila. 4 hiletan garatuko da kontratazioa
«Proposamen honekin, aurre egin beharreko hiru erronka sozial batu nahi ditugu. Batetik, biztanleriaren zahartze progresiboa, bestetik, ekonomia eta harreman sozialak digitalizatzeko joera gero eta handiagoa, eta azkenik, gazteen langabezia tasa», azaldu du Martinek. «Beste erronka bat ere gehituko nioke, pandemiarena; izan ere, inoiz baino garrantzitsuagoa da gure adinekoek teknologia berrien bidez eurekin harremanetan egoteko aukera izatea», gaineratu du Gazteria zinegotziak.
Juan Antonio Pizarrok, bere aldetik, proiektu honetarako kontratatuko direnen profilak lan merkatuan eskaera handia duela azpimarratu du. «Barakaldoko gazteei teknologia berriekin eta gure adinekoentzako arretarekin lotutako gaietan lan-prestakuntza jasotzeko aukera ematen ari gara, eta bi arlo horiek aukera dute gerora lana aurkitzeko, baita pandemiaren garaian ere. Hau da, ekimen honek ez du soilik barakaldarrei zerbitzua eskaintzeko balio, gure gazteen laneratzea errazten baitu», adierazi du Enplegu, Gizarte Kohesio eta Aniztasunaren Kudeaketa Arloko zinegotziak. Proiektuak 55.314 euroko inbertsioa du, eta Barakaldoko Udalak 16.594 euro jarri ditu.