Aisialdi-, atseden- eta dibertsio-motibazioak dira Euskadira aisiagatik egindako bisiten % 95en oinarria.

0
PRUEBA

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadira aisia-motibazioengatik edo biltzar eta konbentzioetara joateko iritsitako turisten profila eta portaera aztertzen duten IBILTUR 2019 txostenak aurkeztu dizkio sektoreari. Txosten horiei esker, COVID19aren osasun-krisiaren aurreko egoera zein zen jakin daiteke, eta euskal turismo-eskaintzaren indarrak baliatzeko estrategiak azter daitezke. Garrantzitsua da Euskadiko turismoaren abiapuntua zein zen jakitea, aurrean zer dugun eta gure indarrekin egoera honetatik nola atera gaitezkeen ahalik eta datu gehienekin aztertu ahal izateko.

IBIULTUR MICE 2019 eta IBILTUR Aisia 2019 txostenetako emaitzen arabera, Euskadira aisiagatik egindako bisiten % 95en oinarria atsedena eta dibertsioa dira.

Aisiako turistak erakartzeko eragile nagusia faktore gastronomikoa da, eta haren garrantzia bikoitza da: alde batetik, lehian dauden eskaintzetatik bereizteko elementu bat eskaintzen du, eta, bestetik, beste edozein aisia-motibazio nagusi osatzeko kalitateko eskaintza ezin hobea da.

Ekitaldien ospakizunari eta kulturari lotutako turismoa finkatu egin da azken urte hauetan, baina sendotu egin behar da Euskadik ibilbideak egiten dituen eta hainbat leku bisitatzen dituen turismorako igaroleku interesgarri gisa betetzen duen lekua, eta indartu egin behar da Frantzia-Madril ardatza, Espainiako beste hainbat tokitan geldialdiak egiten dituzten turisten ia erdiak ardatz horri lotuta baitaude.

Turisten jatorriak askotarikoak dira. Azken urteetan, dibertsifikazio-prozesu bat gertatu da. Estatuko merkatu nagusiek (Madrilek eta Kataluniak) behera egin dute zertxobait, eta nazioarteko turismoari dagokionez, berriz, urruneko jatorrietako turisten kopuruak gora egin du (AEBetako turistenak bereziki).

Turismoa motibazio nagusietan eta osagarrietan dibertsifikatu izanaren ondorioz, iristeko garaien banaketa zabaldu egin da. Oporretakoak ez diren aldietan iristen diren turistak % 46 dira dagoeneko.

Aisiako turisten profila

Nagusiki, Euskadira etortzen diren turistak bikotekidearekin etortzen dira (% 49). Pertsonen % 26 helduez soilik osatutako taldeetan bidaiatzen dira (bikotekiderik gabe), eta Euskadira aisiagatik etortzen diren turisten % 6 bakarrik etortzen dira.

Turisten adina profil demografikoaren osagai erabakigarria da turista horien portaera ulertzeko garaian. Euskadi bisitatzen duten turisten batez besteko adina 49 urte da. Senior turismo izenekoa (hau da, 50 urtetik gorako pertsonen turismoa) aisiako turismoaren % 47ra iritsi da.

Adinari dagokionez, 2004an eta 2012an 40 urtetik gorako turisten kopurua % 50 inguru izan zen, 2010ean eta 2014an turista horiek guztien % 60 baino gehiago izan ziren, eta 2016-2017. urteetan, berriz, ia % 70. 2019an ere, Euskadira aisiagatik etorri ziren turista guztien % 69 izan ziren.

Biltzar eta konbentzioetara joaten diren turisten profila

Biltzar eta konbentzioetara joaten diren turisten kasuan, batez besteko adina Euskadira aisiagatik etortzen direnena baino nabarmen txikiagoa da (41 eta 49 urte, hurrenez hurren). Gainera, urtetik urtera adina murrizteko nolabaiteko joera dago. Nolanahi ere, aisia-programa paraleloan aukeratutako jardueretan dagoen sakabanatzeak eta nagusiki Estatuko turistek agertutako nolabaiteko jaidurak etorkizunean turistak erakartzeko plataforma bikaina izan litekeela iradokitzen dute.

Nazioarteko ekitaldien turismora irekien dagoen lekua Bilbo da. Gasteiz eta Donostia, bestalde, oso bideratuta daude bi merkatu espezifikora: Madril eta Katalunia, hurrenez hurren.

https://www.euskadi.eus/eusko-jaurlaritza/turismo-euskal-behatokia/