Euskaraldian belarriprest izateko zalantzan dauden herritarrei parte hartzeko deia egin diete

0

Euskaraldia hasteko bi aste falta direla, ariketa soziala antolatzen ari diren zenbait erakundetako ordezkariek oraindik izena eman ez duten herritarrei parte hartzeko deia egin diete gaur, Bilbon egin duten prentsaurrekoan. Hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera areagotzeko ariketa soziala azaroaren 20tik abenduaren 4ra bitartean izango da, eta ariketan belarriprest izango diren herritarrak izatearen garrantzia azpimarratu dute aurkezpenean. Era berean, Euskaraldia ikusgarri egiteko deia egin dute.

Bilboko Euskalduna jauregian egindako agerraldian Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramale eta Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak, Unai Rementeria Bizkaiko Ahaldun Nagusiak, Koldo Narbaiza Bilboko Udalaren Euskara eta Hezkuntza zinegotziak, Jasone Mendizabal Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariak eta Arrate Illaro Euskaraldiko koordinatzaileak parte hartu dute.

Covid19ak baldintzatutako ariketa soziala

Herritarren eguneroko harremanetan hizkuntza inertziak astindu eta euskararen erabilera areagotzea da Euskaraldiaren helburu nagusia. Harreman horiek, Covid19aren eraginez mugatuta eta baldintzatuta egon arren, egunerokoak izaten jarraitzen dute. Ondorioz, “kalean presentzia gutxiago izango dugun arren, hurbileko harreman sareetan hizkuntza-ohiturak aldatzea posible dela, eta Euskaraldia egin egingo dela” azpimarratu du Arrate Illaro Euskaraldiaren koordinatzaileak.

Era berean, pandemiak eragindako egoeran arlo digitalak herritarren arteko harremanetan hartu duen garrantzia handitu egin dela aintzat hartuta, hurrengo asteotan sarean eta gailuen arteko komunikazioan ahobizi edo belarriprest aritzeko gomendio eta jarraibideak zabalduko dituztela iragarri dute ekimenaren sustatzaileek.

Aurten, Euskal Herri osoko 421 udalerritan egingo da ariketa, eta 25.000 arigunetik gora osatu dira 6.800 entitatetan. Beraz, ariketa egiteko oinarri sendoa dagoela adierazi dute antolatzaileek. Ariketa izango den 15 egunetan, etxean, lanean, merkataritzan zein eremu digitalean ditugun harremanetan aldaketak egiteko, Euskaraldia baliagarria izango dela nabarmendu dute.

Belarriprest gisa hizkuntza-ohiturak aldatzeko deia

Euskaraldian izena emateko epea oraindik ere zabalik dagoela ohartarazi dute antolatzaileek, eta, bereziki, belarriprest izan ala ez zalantzan dauden herritarrei luzatu diete izena emateko proposamena. Izan ere, momentuz aktibatu diren herritarren gehiengoak ahobizi izatea erabaki du. Ariketa egiteko modua adierazten duten bi rol hauek dira beharrezkoak, antolatzaileen esanetan, taldean euskara gehiago erabiltzeko.

Lehen edizioko emaitzek azaleratu zutenez, belarriprest gisa parte hartu zutenek ariketa egin aurretik baino jokaera aktiboagoa izan zuten, gerora, hizkuntzarekiko. Beraz, belarriprest rolak norberaren zein ingurukoen hizkuntza-ohiturak aldatzen laguntzen duela azpimarratu dute, euskaraz gehiagotan egiteaz gain, ingurukoei hala aritzeko gonbidapena egiten baitiete belarriprest direnek.

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako Sailburuak oraingo edizioan ere belarriprest rola aukeratu duela adierazi du. “Nirekin euskaraz egin nahi duenari euskaraz egin iezadala nahi dut, horretarako gonbidapen bat luzatu nahi diet. belarriprest izanda euskara ulertzen dudala, euskara gehiagotan entzun nahi dudala eta ahal den guztietan erabiliko dudala adierazi nahi dut”.

“Euskaraldiak herritar guztioi egiten digu euskara 15 egunez erabiltzeko gonbitea, ahalegin hori eskatzen digu” gehitu du Sailburuak. “Berdin da euskaraz ondo moldatzen garen edo ulertzen dugun baina euskararen erabilera ahalbideratzea eta erabili nahi duenari bidea erraztea da helburua. Horrek apurtuko ditu inertziak eta ekarriko ditu hizkuntza portaeretan aldaketak. Herritarrak aktibatzeko eta herritarrak batzeko balioko du ariketak”.

Bestalde, agerraldian gogora ekarri dutenez, hiriguneetakoak izan ziren lehen edizioan parte hartu zuten ahobizi eta belarriprest gehienak. Hizkuntzaren erabileran garrantzia handia dute eremu hauek, herritar asko bizitzeaz gain, inguruko herrietatik lanera, ikastera edo merkataritzara gerturatzen baitira egunero milaka pertsona. Horregatik, euskara kalean ikusgarri egin, hizkuntza-ohiturak aldatu eta ariketan parte hartzera deitu dituzte hiriguneetako biztanleak.

Bizkaiko Ahaldun Nagusi Unai Rementeriak “bizkaitar guztiei orain arte bezala euskararen aldeko inplikazioa erakuts dezaten” eskatu die eta “Euskaraldian aktiboki parte hartzeko deia eta gonbidapena” egin die, “izan ahobizi, izan belarriprest”.

Izena emateko hiru bide daude:

  • euskaraldia.eus webgunearen bidez. Gainera, ariguneak antolatu dituzten hainbat entitatek izena emateko sarbide propioa dute beraien kideentzat, ariguneetan parte hartzen duten ahobizi eta belarriprestentzat.
  • Herriz herri Euskaraldia batzordeak antolatzen ari diren informazio eta izen-emate guneetan.
  • Telefono mugikorretarako (Android zein IOS sistemadun gailuetarako) sortu den aplikazioaren bidez. 

Euskaraldia kalean ikusgarri

Kaleko ekintza, ekitaldi eta harreman sozialak mugatuta egonik, milaka herritarrek egingo duten ariketa soziala bistaratu nahi dela adierazi da agerraldian. Horretarako, hainbat formula egongo dira.

  • Lehen edizioan bezala, ariketa egingo duten belarriprest eta ahobiziek rola adierazten duen txapa erabiliko dute.
  • Ariguneak ere identifikatuko dira, euskarri fisikoak erabilita zein telefono aplikazioan geolokalizatuta.
  • Horrez gain, leiho, balkoi eta erakusleihoetan Euskaraldiko ikurrak eta banderak jartzeko proposamena luzatu zaie hala nahi duten belarriprest eta ahobiziei.

Bukatzeko, Euskaraldia herriz herri eta gunez gune antolatzen ari diren herri batzorde eta mota guztietako entitateen lana azpimarratu dute antolatzaileek. “Gure esker ona adierazi nahi diegu Euskaraldiaren proposamenari jarraituz euskararentzako espazioak sortzen dabiltzan milaka entitateetako arduradun eta partaideei” esan du Euskaltzaleen Topaguneko zuzendari Jasone Mendizabalek. “Eskerrak baita ere, Covid-19ak eragindako zailtasunak zailtasun, Euskaraldia antolatzeko borondatezko lanean dabilen horrenbeste euskaltzaleri”.