Eusko Jaurlaritzak 36 Lege-proiektu onartu eta bidaliko ditu Legebiltzarrera XII. Legegintzaldi honetan

0

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du XII. Legegintzaldiko Legegintza Programa, Eusko Jaurlaritzaren datozen lau urteotarako legegintzaren planifikazioa zehazten duen oinarrizko dokumentua.

Dokumentuaren helburua da legegintzari buruzko informazioa modu integratzailean, gardenean eta errealitatera doituta ematea, bai gizarteak berak bai legebiltzar-taldeek Jaurlaritza lantzen ari den lege-proiektu bakoitzaren jarraipena, ebaluazioa eta kontrola egin ahal izan dezaten. Eusko Jaurlaritzak erabaki du hemendik aurrera dokumentu hori sei hilabetez behin eguneratzea, Eusko Legebiltzarrera bidaltzea eta webgune ofizialeko (www.euskadi.eus) atarira igotzea.

Dokumentu hori XII. Legegintzaldirako Gobernu Programaren garrantzi handiko zatia da, eta urtean behin osatuko da Urteko Araugintza Planarekin. Hain zuzen ere, urtean zehar Eusko Jaurlaritzako sail bakoitzak landuko dituen dekretuei, erregelamenduei eta gainerako araudiei buruzko zehaztasunak jasoko ditu planak.