Memoriaren Eguna Zarautzen

0

Gaur, azaroak 10, Memoriaren Eguna ospatu da. Zarauzko Udalak, urtero bezala, Arrosategi parkean ekitaldi xumea antolatu du, eguerdiko 12etan, Indarkeria eta Terrorismoaren biktima guztiak gogora ekarriz.

Ekitaldian Udal Talde guztietako ordezkariek hartu dute parte, eta guztien artean adostutako testua irakurri da:

«Nahiz eta Pandemia egoeran egon, espazio ireki honetan eta neurriak bermatuz, hemen egon nahi dugu. Memoriaren Eguna ospatzen den azaroaren 10 honetan, indarkeriaren biktimak oroitzera eta gertatutakoaren memoriari eusteko elkartu gara.

2007ko apirilean, lehen aldiz, espazio honetan, Zarauzko Udalak deituta elkartu ginen. Urte hartan, zuhaitza landatu eta plaka ipini zen:

Terrorismoaren Biktimen Oroimenez.
‘Askatasuna justizia eta bakea’

Urteetako ibilbide honetan, 2011an, Zarauzko Udalak, espazioa, “Terrorismoaren eta motibazio politikoaren biktimak” omentzeko espazio izendatu zuen.

Azken urte hauetan, Bizikidetza Batzorde eta lan taldeetan, Zarauzko Udala osatzen dugun talde politiko guztiak lanean jardun dugu. Gure gorabeherekin. Bizikidetza eta elkarbizitzaren garrantziaren errekonozimendutik, elkarrekin bidea egin nahian.

Lanketa honen ondorioz, Zarauzko Udala gaur egun osatzen dugun talde politiko guztiak adostuta, espazio honek, gizarteak eta guk geuk urte hauetan egin dugun ibilbidea adierazten duen plaka bat gehitzea adostu dugu:

INDARKERIA ETA TERRORISMOAREN
BIKTIMA GUZTIAK GOGORATUZ
ETA AITORTUZ

Bertan, “indarkeriaren zurrunbiloa” deitu dioguna ikusiko duzue.: Erailketak, mutilazioak, bahiketak, desagertzeak, estortsioa, tortura, xantaia, …

Gaur hemen, Udala osatzen dugun udal talde guztiak gaude ordezkatuta. Espazio berean eta helburu berarekin, Bizikidetza eta elkarbizitza indartu, motibazio politikoaren biktima guztiei gure elkartasuna helarazi eta “Egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzea” helburuekin lotutako ekintzak gauzatzen.

Plakaren zurrunbiloan hainbat “ekintza” zerrendatzen dira; Memoriaren egun honetan, Udala osatzen dugu zinegotziok, biktimen bizipenetara gerturatu nahi izan dugu.

Ondoren, urtero bezala, biktimak oroituz, minutu bateko isiltasuna egin da eta ondoren lore eskaintza.