72 startup berritzaile aukeratu dira BIND 4.0ren 5. edizioko finalista gisa

0

BIND 4.0k eta industria adimendunaren berrikuntza-plataforma honetan parte hartzen duten 57 enpresa eragileek eutsi egiten diete beren helburuei 2021erako: beren negozioak digitalki eraldatzea eta, horretarako startupekin elkarlanean jardutea. Guztira 72 konpainia aukeratu dituzte programaren bosgarren edizioko finalista izateko. Hurrengo urtarrilean emango da ekimen publiko-pribatu horren parte-hartzaileen berri; ekimena Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sortu du, SPRI Taldearen eta haren UpEuskadi plataformaren bidez.

57 enpresa eragileak nagusiki honako teknologia berri hauekin zerikusia duten proiektuak baloratzen ari dira: IoT, Big Data, Advanced Analytics, Adimen Artifiziala, Ikuspegi Artifiziala eta Robotika, besteak beste. BIND 4.0ko partner enpresa handiek datorren urtean garatu ahalko dituzte proposamen horiek, startup parte-hartzaileekin batera. Programak 24 aste iraungo du, eta datorren urtarrilean hasiko da. Eta, horretarako, BIND 4.0k zenbait enpresa garrantzitsuren parte-hartzea du, besteak beste: Mercedes-Benz, Siemens Gamesa, Faes Farma, Coca-Cola European Partners edo Unilever.

Jatorria dela eta, edizio honetako finalistak 17 herrialdetatik datoz. Finalistetako 20 Euskadikoak dira, 20 Estatukoak –besteak beste Katalunia, Galizia, Murtzia eta Madril– eta 32 nazioartekoak –10 startup Alemaniakoak eta beste batzuk, UK-koak, Italiakoak eta Kanadakoak, horiek direla ordezkaritza handiena duten herrialdeak–.

BIND 4.0n 750 izen-emate egon dira; alegia, 2016an abian jarri zenetik, 2.400 hautagaitza baino gehiago jaso ditu. Bizkortze-programa horrek sendotu egiten du Euskadik nazioartean erreferentziazkoa den industria-berrikuntzako ekosistema gisa duen posizioa, eta talenturik onena erakartzea lortzen du. Pandemia deklaratu izanak bosgarren edizio honen inguruan eragin duen egoera gorabehera, BIND 4.0k eta enpresa eragileek jarraitzen dute berrikuntzaren alde teknologiaren etorkizunean inbertitzeko eta startup-en bidez 4.0 industria sustatzeko modu gisa apustu egiten.

Startup finalisten zerrenda osoa ezagutu nahi baduzu, egin klik honako esteka honetan: https://bit.ly/36qkeew

BIND 4.0a dela-eta

BIND 4.0 industria adimenduneko ekimen ireki publiko-pribatuko plataforma da; Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak sortu du, SPRI Taldearen eta haren euskal ekintzailetza-ekosistemarako UpEuskadi plataformaren bidez. Gaur egun, Euskadin egoitza duten erreferentzia globaleko enpresa nagusietako 57 ari dira bertan elkarlanean, eta nazioarteko zenbait laguntzaile teknologiko parte hartzen, besteak beste Siemens, Microsoft eta Amazon Web Services Ekimen hori helburu bikoitzarekin sortu zen: industriaren eraldaketa digitala sustatzea eta, aldi berean, ekimen berritzaileen finkapena bizkortzea, enpresa handien eta startupen arteko lankidetza-eredu baten bidez. 2016tik, BIND 4.0k 178 proiektu bizkortu ditu, guztira; proiektu horiek 100 startup-ek baino gehiagok garatu dituzte orain arteko lau edizioetan