Eusko Jaurlaritzak “2020-21eko Neguko Bidezaintza Plana” aurkeztu du

0
  • Planaren bidez koordinatuko dira erakundeek mobilizatzen dituzten baliabideak
  • Aurtengo neguan foru-aldundietako eta autobideetako elurra kentzeko 192 makina izango dira
  • Horrez gainera, 7 garabi kokatuko dira leku estrategikoetan, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko
  • Baliabide horiei batu behar zaizkie koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko beste 130 ibilgailu eta Ertzaintzako lurralde-unitateetako patruilak
  • Iazko neguan 6 aldiz aktibatu zen Neguko Bidezaintza Plana

Eusko Jaurlaritzak koordinatuko duen “2020-21eko Neguko Bidezaintza Planean jaso denez,  elurra kentzeko foru aldundien eta autobideen 192 makina, tona askotako ibilgailuak erretiratzeko puntu estrategikoetan kokatuko diren 7 garabi astun eta koordinazio- eta zaintza-lanetan laguntzeko  beste 130 ibilgailu izango dira. Horiei Ertzaintzaren trafikoko lurralde-unitateetako patruilak batu behar zaizkie, eta patruila-kopurua ertzain-etxeetako baliabideekin sendotu eta osatu ahal izango da. Planean aurreikusten da 2020-2021eko negurako 27.400 tona gatz eta 760.000 litro gatzun izatea.

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu du “2020-21eko Neguko Bidezaintza Plana” Euskadiko Trafikoa eta Larrialdiak Kudeatzeko Zentrotik egin den bilera telematikoan, eta bertan foru-aldundien, autobideen, Ertzaintzaren, Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zerbitzuaren eta Gobernu zentralaren ordezkariek parte hartu dute.

Azken bi neguetako neguko bidezaintza-planetan aurreikusi zen moduan, partzialki aktibatu ahal izango da, elur-mailaren eta prezipitazio-kopuruaren arabera. “Horrela, adierazitako planaren jarraipen- eta informazio-fasea elur-maila 1.000 metroan kokatzen denean aktibatuko da, eta fase operatiboa, berriz, elur-maila 700 metrora iristen denean eta prezipitazio-kopuruak horrela egitea aholkatzen duenean. Garrantzitsuena da prezipitazioak trafikoan duen eragina aztertzea eta, ondorioz, neurririk egokienak hartzea egoera meteorologiko txarretan bide-segurtasuna bermatzeko”, azaldu du Trafikoko zuzendariak.

Eusko Jaurlaritzaren «Neguko Bidezaintza Plana» iragarpen meteorologikoen eta meteorologiak Euskadiko errepideetan duen eraginaren arabera baliabideak mobilizatzen dituzten erakundeak eta autobideen emakidadunak koordinatzeko plan bat da.

NBP 6 aldiz aktibatu zen aurreko neguan

2019-20ko neguan planaren azken urteetako aktibazio-kopuru txikiena erregistratu zen. Jarraipen- eta informazio-fasea 6 aldiz aktibatu behar izan zen (aktibazioak 2018-19ko neguan baino 2 gutxiago izan ziren). Fase operatiboa, berriz, 2 aldiz aktibatu behar izan zen 2019-20ko neguan, aurreko neguan bezala. 2017-18an guztira 17 aktibazio erregistratu ziren, eta horietako 10etan fase operatiboa aktibatu behar izan zen.

NBPren aktibazioak 2019-20 2018-19 2017-18 2016-17 2015-16 2014-15
Jarraipen-fasea 6 8 17 8 11 12
Fase operatiboa 2 2 10 6 8 9

Ondorio gisa adieraz daiteke, beraz, 2019-20koa azken neguetako lasaiena izan zela, elurrak edo izotzak Euskadiko errepide-sarean izan zuten eraginari dagokionez. Berez, 2017/18ko neguan NBPren Koordinazio Organoa 5 aldiz elkartu behar izan zen Krisi Mahaian eta 2018/19ko neguan behin; 2019/20ko kanpainan, berriz, behin bakarrik ere ez mahaia elkartzeko deia egin.

Aholku praktikoak

Eguraldi txarrarekin kontu handiz eta zuhurrago ibili behar da errepidean. Abiadura moteldu behar da eta tarte handiagoa utzi behar da aurrean doazen ibilgailuekin, zoru bustian distantzia handiagoa behar baita ibilgailua gelditzeko.

Pneumatikoek egoera onean egon behar dute, pneumatiko higatuek ez baitute ura behar bezala husten eta istripua eragin dezakete. Neguko pneumatikoak jartzea gomendatzen da, trakzio, frenatze-ahalmen eta kontrol hobea eskaintzen baitute zoruan ura, izotz zuria, izotza eta elurra dagoenean. Neguko pneumatikoak jartzen ez badira, bidean elurra dagoenean behar-beharrezkoa da ibilgailuetan kateak eramatea eta jartzen jakitea zirkulatu ahal izateko.

Hotz handia egiten duen egunetan kontuz izotzarekin, ABS edo lau gurpileko trakzioa bezalako sistema modernoek ere ez gaituzte libratzen irristatzeko arriskutik. Ezinbestekoa da, beraz, astiroago eta zuhurrago gidatzea.

Beira-garbigailuak dira zaindu beharreko beste elementuetako bat: baldintza onetan eduki behar dira beti, euria edo elurra ari duenean errepidea ongi ikusi ahal izateko.

Era berean, funtsezkoa da bat-batean ez frenatzea eta abiadura handian ez zirkulatzea. Leunki eta pixkanaka frenatzen ahalegindu behar da, gurpilak blokea ez daitezen eta ibilgailuaren kontrola gal ez dezagun. Horrelakoetan, frenoko pedala askatu beharko da trakzioa berreskuratzeko, eta motor-frenoa erabili frenoko pedalarekin txandakatuta.

Azkenik, elurrarekin abiatzean garrantzizkoa da pixkana azeleratzea. Gurpilek irrist egiten badute, martxa handiagoa sartu beharko dugu gurpilei indar txikiagoa aplikatzeko.