Hezkuntzako Lan Eskaintza Publikoko probak atzeratzea

0
  • Osasun-egoera kontuan hartuta, eta Osasun Sailarekin aztertu ondoren, Hezkuntza Sailak 2020ko Lan Eskaintza Publikoko probak atzeratzea erabaki du

Hezkuntza Sailak Lan Eskaintza Publikoko probak atzeratzea erabaki du. LEP hori ahalik eta lasterren burutu nahi bada ere, egungo osasun-egoerak ez du hala egitea gomendatzen. Osasun Saileko arduradunekin gaia aztertu ondoren, bi sailek beharrezko jo dute azterketak atzeratzea.

Informazio hau hezkuntza-arloan ordezkaritza duten sindikatuei jakinarazi zaie dagoeneko. Era berean, Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakia hautagai guztiei ere helarazi zaie zuzenean.

Hezkuntza Sailak Lan Eskaintza Publiko honetako probak osasun-egoerak ahalbidetzen duenean egingo ditu, baina ez ekaina baino lehen. Hautagaiek jakinarazpen bat jasoko dute lehen azterketa egin baino bi hilabete lehenago gutxienez.

Osasun irizpidea

Pandemiaren bilakaerak Hezkuntza Sailaren aurreikuspenak aldarazi ditu. Irakasle Funtzionarioen Negoziazio Mahaiak urriaren 30ean egindako bileran, LEPa 2021eko urtarrilaren bigarren hamabostaldian burutzeko aukeraren berri eman zieten Hezkuntza Saileko arduradunek sindikatuetako ordezkariei.

Eusko Jaurlaritzak zenbait abantaila azpimarratu zituen aukera hori planteatzeko orduan: probak zuzentzeko epaimahaien kopurua murrizteko aukera, eragin txikiagoa izatea ikasturtean (ez luke eraginik izango ez lehen eta ez azken ebaluazioetan), edo hurrengo ikasturterako irakasleen esleipena udako oporren aurretik ebatzita izatea.

Egun batzuk geroago, azaroaren 5ean, Lehendakariak, LABIren Aholku Batzordearen bileraren ondoren, 38/2020 Dekretua iragarri zuen, neurri espezifiko gehigarriak zekartzana, Alarma Egoeraren adierazpenaren eremuan, eta Euskadiko egoera epidemiologikoaren bilakaeraren ondorioz. Erabaki hori aintzat hartuta, Hezkuntza Sailak, aldez aurretik kontsultak eginik, LEParen probak atzeratzea erabaki du, osasun-egoerak proba horiek egitea gomendatzen duen arte.

Hezkuntza Sailak zinez sentitzen ditu, osasun publikoko eta osasun-segurtasuneko irizpideetan oinarrituta hartu den erabakiak LEP honetan izena emanda dauden pertsonei eragin diezazkiekeen eragozpenak.