Tapia: “Pandemia honetarako soluzioa iritsiko da eta etorkizunari aurre egiteko prest egon behar dugu; irauteak soilik ez du balio”

0
PRUEBA

Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak gaur egungo egoera errepasatu du Onda Vasca irratian goizean egin dioten elkarrizketan. Bertan, beste hainbat gairen artean, honako hauek azpimarratu ditu:

Oso egoera zailean gaude, birusarekin batera bizi behar izateaz gain susperraldi ekonomikoa lortzeko helburuarekin lan egin behar dugu.

Aenova-ren aldi baterako enplegu-erregulazioko espedientea udaz geroztik iragarritako albiste txarra da, baina pandemia ez hedatzeko beharrezkoak diren mugikortasun-murrizketen ondorioz sektore batzuk kalte handiak jasaten ari dira, adibidez, aeronautika edo automobilgintza. Epe laburrera lagundu behar dugu, baina etorkizuna ahaztu gabe.

Fokuak ez dira lantokiak edo ikastetxeak, osasun-gomendioak jarraitu behar ditugu, gure ospitaleak egoera hobean egoteko eta, aldi berean, ekonomia-jarduerarekin jarraitu behar dugu pandemia amaitzen denean aurrera egiteko. Baina ezin dugu epe laburrera soilik begiratu. Eusko Jaurlaritzaren lehen helburua osasuna zaintzea da; bigarrena, berriz, ekonomia eta enplegua berrindartzea; eta hirugarrena, inor bazterrean ez uztea.

Soluzioa iritsiko da eta etorkizunari aurre egiteko prest egon behar dugu; irauteak soilik ez du balio, gainerakoak prestatzen ari direlako eta guk berdin egin behar dugulako.

Epe luzeagora aurreikuspenak egitera ohituta gaude, baina une honetan ezin dugu. Hala ere ezin dugu ahaztu egoera hau amaituko dela, eta gure enpresak gogoeta hori egiten ari dira: gaur egun bizi dugun egoerari aurre eginez, baina, digitalizazioaren bidez, kilima-aldaketaren aurka borrokatuz eta energia-eraldaketaren aukerak baliatuz, krisi honetatik irteteko prestatzen.

Osasuna eta ekonomia berrindartzea uztartzen ditugun bezala, ekonomia berrindartze hori epe laburra eta luzea kontuan hartuz bilatu behar dugu. Gure industria eta zentro teknologikoak prest daude, eta elkarrekin egoera honi aurre egiteko gai izango garela ziur nago.

Ikusi dugunez, konfinamenduan zehar, enpresa askok telelana erabiltzeaz gain, bezeroekin eta hornitzaileekin komunikatzeko ordura arte erabili ez zuten Inplantariak zerbitzua erabili zuten, batez ere enpresa txiki eta ertainek. Egiteko beste modu egoki batzuk badaudela ikusi da eta banda zabaleko sare ultrabizkorra edukitzea garrantzitsua izan da.

Urteko hirugarren hiruhilekoa, ekonomiaren ikuspegitik, hasieran uste zena baino hobea izan zen; hain zuzen ere, aukerak baliatzen ari ginelako.

Lantokiak ez dira kutsatzeko foku nagusiak izaten ari, eta birusaren eragina pixka bat jaisten denean ekonomia-jarduera suspertu egiten da. Denbora batean oraindik gailur- eta haran-uneak bizi ditzakegu, eta ekonomia-jarduera zaindu behar dugu osasuna zaintzen dugun aldi berean.

Ezin dugu guztia Europaren laguntzen esku utzi. Lehiakorragoak izateko moduak bilatu behar ditugu, ez sektore pribatutik soilik, baita administrazioetatik ere. Eta Europaren baliabide horiek iristen badira eta hobekuntza horiek abian jartzen laguntzen badute, hobeto. Euskal Autonomia Erkidegoak ezin du atzean geratu, halakorik inoiz gertatu ez den bezala, eta gure baliabidetan eta proiektutan sinetsi behar dugu.

LABIk ezarri zituen neurri murriztaileen jarraipen zorrotza egiten ari gara, eta hartutako neurriak egoera hobetzeko balio izatea espero dut.

Bilboko Portuko zamaketarien greban arbitrajea jada beharrezkoa da, eta arbitraje hori boluntarioa izatea litzateke egokiena. Enpresa asko daude kaltetuta; enpresa horiek ezin dute esportatu eta ezin dute behar duten materialik jaso. Ezin da ulertu gutxieneko zerbitzuak ez errespetatzea; akordioa bilatu behar da, eta horretarako arbitrajea beharrezkoa da.

Industrian ditugun hondakinak analizatuko ditugu. Horietako batzuek neurri txiki batean isurtzen dute, beste batzuk bidearen hasieran daude; eta sailkapen hori egiten amaitu ondoren, behar diren hobekuntzak egingo ditugu. Ahalik eta hondakin gutxien eraman behar ditugu zabortegietara, kanona eztabaidatu behar dugu, eta gaia ahalik eta modu efizienteenean eta jasangarrienean aztertu behar dugu. Hondakinen kudeaketa-zentro batekin, baina CO2-ren aztarna eta hondakinak murrizteko ahalegina egin behar dugu.  Kalitatea ezartzen aitzindariak izan ginen bezala, gauza bera egin behar dugu hondakinen gaiarekin