Eusko Jaurlaritzak genero-ikuspegia barne hartuko duen Familia Ingurunerako Zaintza Estrategia sustatuko du

0

Beatriz Artolazabal Eusko Jaurlaritzako Berdintasuneko sailburuak gaur nabarmendu du bere sailak genero-ikuspegia barne hartuko duen Familia Ingurunerako Zaintza Estrategia sustatuko duela.

EH Bilduko Oihana Etxebarrietak zaintzen inguruan erakundeek beren gain hartu beharreko erantzukizunei buruz eginiko galderari erantzuteko, Artolazabalek, Eusko Legebiltzarreko kontroleko osoko bilkuran, honako hau esan du: “zaintzaileentzako laguntzak sendotu behar dira eta, horretarako, erakunde-zaintza eta gizonen inplikazioa indartu behar dira. Eta erantzukizun pertsonalaren, familiarraren, kolektiboaren eta instituzionalaren oreka berria izateko ituna sustatu behar da».

“Horren bidez, hala nahi duten pertsonak beren etxean bizitzen jarrai dezaketela ziurtatu nahi dugu. Eta familiartekoak zaindu nahi dituztenek, gizonak zein emakumeak izan, hala egin ahal izatea”, esan du Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak. Gure helburua izango da zaintzak politiken erdigunean egotea, gero eta erantzunkideagoa den gizarte-antolaketan aurrera egin eta kontziliaziotik erantzunkidetasunerako trantsizioa eraginkor egiteko”.

Inbertsioan buru

Artolazabalek gogorarazi du Euskadik mendekotasunean Estatuko batez bestekoaren bikoitza baino gehiago inbertitzen duela biztanleko eta urteko, eta “mendekotasunera aurrekontu handiena bideratzen duen autonomia-erkidegoa” dela, alde handiarekin.

“Gure ereduak erakunde-zaintzaren eta familia-zaintzaren arteko oreka berriaren alde egiten du, lehenengoaren alde, biak sendotu, aitortu eta sustatzeko”. “Eta zer defendatzen du EH Bilduk?”, galdetu dio bere buruari. “Eredu publikoa baino ez? Zuzeneko kudeaketa publikokoa? Noraino eramango lukete erakunde-zaintzaren monopolioa?». “Euskal erakundeak ari gara, dagoeneko, oreka hori bilatzeko lanean”, esan du.

Azkenik, sailburuak azpimarratu du familia-zaintzak “arriskuak dituela, baina baita onura asko ere” zaintzailearentzat, zainduarentzat eta gizarte osoarentzat.