URAk amaitu du Zadorrako uholdeen aurrean babesteko II. fasea, Gamarran ur handietarako 600 metroko ibilgu berri batekin

0

 

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak, eta Gasteizko alkate Gorka Urtaranek bisitatu dituzte  URAk bukatu berri dituen Zadorraren ur-goraldiei aurre egiteko II faseko lanak, Abetxuku eta Gamarra Nagusia artean. Bisitan parte hartu dute Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek, eta Ingurumen Sailburuorde Amaia Barredok.

Abetxuku eta Gamarra arteko 1,8 km-ko tartean egikaritu dira II.faseko lanok azken lau urtetan, 6,5 M€ko inbertsio publikoari esker. Lan-mugarriak, funtsean, honakoak izan dira: Abetxukuko zubi zaharraren ondare- eta hidraulika-lehengoratzea; Abetxukuko oinezkoentzako pasabidearen ur-hustutze ahalmenaren handitzea;  Gasteizko ur-horniduraren segurtasunerako ibai-ohe azpitiko bypass-a; edota ibaiaren goraldien zabaltze segurua lortzeko espazioaren atontze-lanak, eta Zadorraren hiribidearen parean hiria babesteko lubeta eraikiz, hiri-bilbea babesteko lanak.

Tapiak eta Urtaranek gaur azken lan horiek bisitatu dituzte. Alegia, ur-goraldiak datozenerako 600 m luzerako uholde-ibilgu berri bat sortzeko lanok, Gamarra Nagusitik ibaian behera, ezkerraldean. Lanok 2,7 M€ ko inbertsioa behar izan dute, besteak beste, 90.000 m³ lur (9.000 kamiokadaren baliokideak) erauzi eta mugitzeko. Xedea: ibaiaren ur-hustutzea handitu, eta uholde orbanaren altuera eta hedadura murriztea, tarte horren parean, zein ibaian gora.

Halaber, induskatutako lurrekin, babeserako lubeta bat eraiki da, ezkerraldean, uholde lautadaren parean, Zadorrako hiribidearen parean. Lubetak bi helburu ditu: batetik, errepikatze-denbora handiko ur-goraldien ur-laminak (500 urtekoa, 410 m³/s emariak) Gamarrako industrigunean sartzea saihestea; bestetik, aldameneko berdegune publikoak trafikoaren erasana (zarata, paisaia) murriztea.

Uholde-ibilgu hau sortzeko ingurumen-balio mugatuko 500 zuhaitz kendu ziren (makalak, bereziki), eta tokiko galeria-basoko espezietako 800 ale berri landatu dira: bai bidegorriaren paren doan lubetan zehar, zein berriztatu den berdegunean.

Aipatu beharra baitago horrekin batera lanok ekarri dutela Zadorraren parkean integratuta dagoen eremu berdea erabilera publikorako egokitzea, eta, bide batez jarraipena ematea hiriko eraztun berdea osatzean duten oinezko zein txirrindularientzako ibilbideei. Gainera, ibilguaren eskuin-ertzean eremu berde bat eraiki da, paisaiaren ikuspegitik lehengoratu da hondakin solido inerteen isurketengatik degradatutako esparrua eta oinezkoentzako pasabide sare bat prestatu da.

Burututako uholdeei aurre hartzeko lan horiek agerian uzten dute aldiro ematen diren ur goraldi naturalekin elkarbizitzen ikasi behar dugula, ibaiak berarentzat eskatzen dituen eremuak errespetatuz. Helburu bikoitz horrek ahalbidetuko du hala uholde arriskuan dauden ondoko hiri-bilbeetan kokatzen diren pertsonak babestea, nola ibaiaren egoera ona eta balio ekosistemiko altua bermatzea.

Orain amaitu diren Zadorra ibaiaren ur goraldietatik babesteko proiektuaren II Faseko lanok bere garaian aurreratu ziren jardueren jarraipena izan dira. Alde batetik, 2018an Abetxukuko zubi zaharraren birgaitze hidrauliko eta arkitektonikoa amaitu zen, horrekin Zadorrak zuen ura hustutzeko ahalmena 328 m³/s-ra igo zen, 100 urteko errepikatze denborako ur goraldi baten emariaren beste, eta kultura-ondasun izendatutako XIX. mendeko zubiaren egitura birgaitu ahal izan zen.

Beste alde batetik , 2015ean Abetxukuko pasabide zaharra aldatu egin zen (Gasteiz hornitzen duten hodietan oinarrituta, Zadorraren jario librerako oztopo bat) eta pasabide berria eraiki zen aurrekoaren sekzio hidraulikoa bikoizten duena. Horretarako ibilgu pean hodi bat eraiki behar izan zen (bypass) hiria hornitzeko, aurreko pasabideari eusten zioten hodiak ordezkatuz. Egindako jarduera guztien aurrekontua, II Faseko 2,7M€ gehituta, 6,5 Milioi eurotakoa da orotara.