Protokolo baten bidez hobetu egiten dira I motako diabetesa duen adingabe batek eskola-eremuan behar dituen kontrola eta zaintzak

0
urku

Dokumentua Osasun eta Hezkuntza sailek adostu dute, eta irakasleek egoera horretan dauden ikasleei laguntzeko jarraitu behar dituzten urratsak ezartzen ditu

Eskola-umeen lehen urteen kasuan, erizaintzako langileak arduratuko dira gaixotasunaren zaintzak eta segimendua ikuskatzeaz  

 

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Hezkuntza sailek I motako diabetesa duten ikasleei arreta emateko protokoloa prestatu dute, eskola-eremuan aplikatzeko. Dokumentu horren helburua da eskola-esparruan Diabetes Mellitus-en kasu berria detektatzen denean jarduteko gida izatea, eta, besteak beste, irakasleek egoera horretan dauden ikasleei laguntzeko eta, hala, haien segurtasuna eta erabateko inklusioa bermatzeko jarraitu behar dituzten urratsak jaso ditu.

I motako diabetesaren gaixotasuna gazteetan agertzen da, eta pankreak intsulina sortzeari uzten diolako garatzen da. Horren ondorioz, elikaduran hartutako karbohidratoak desegoki erabiltzen dira, eta glukosa-mailak igo egiten dira odolean. Gaur egun, Euskadin 19 urtetik beherako 160 adingabe inguruk dute I motako diabetesa diagnostikatuta.

Diagnostikoa egiten zaienetik, umeek tratamendua behar izaten dute, besteak beste: egunean zenbait aldiz intsulina hartzea, odoleko glukosa-maila neurtzea eta elikadura zaintzea. Adingabeek eguneko zati handi bat eskolan ematen dutenez, I motako diabetesaren tratamenduak jaso dituen zaintzak eskola-jardunaldian ere egin behar dira. Hori dela eta, ezinbestekoa da adingabearekin harremanetan egongo den irakasleak diabetesa zer den eta nola tratatzen den jakiteko informazio zehatza jasotzea.

Diabetesaren tratamenduan, Osakidetzak beti egin izan du lan pazienteak beren bizi-kalitatea hobetu ahal izateko ohiturak eta trebetasunak har ditzaten ahalduntzeko. Hala ere, ume txikien kasuan, prozesua zailagoa izaten da, eta laguntza behar izaten dute. Osasun eta Hezkuntza sailen artean adostutako protokoloaren bidez, irakasleek egoera horretan dauden ikasleei laguntzeko jarraitu behar dituzten zenbait urrats ezartzen dira. Protokoloak jaso du lehen urteetan erizaintzako langileak arduratuko direla zaintzak ikuskatzeaz eta jarraipen egokia egiteaz, harik eta ikasleak berak zaintzako ohitura berenganatu arte.

Hala, protokoloak zenbait jarduketa jaso ditu, diagnostikatzen denetik aurrerakoak, eta honela laburtzen dira:

  • HASIERAKO UNEA: Protokoloa diagnostikoaren ondoren egiten den hasierako sarreran jartzen da abian, adingabea eskola-eremuan berriz sartzean agente guztiak ohartarazi direla eta aktibatuta daudela ziurtatzeko.
  • HARREMANA ZENTROAREKIN: Ikastetxea harremanetan jarriko da endokrinologia-taldearekin, beharrak azaltzeko: prestakuntza orokorra, zaintzen inguruko prestakuntza berezia, erizaintzako langileen laguntza, komunikazio zuzena Osakidetzarekin…
  • IKASTETXEARENTZAKO PRESTAKUNTZA: Ikastetxeak prestakuntzarako beharra badu, diabetesaren hezitzaile den erizaina edo erreferentziazko osasun-zentroa izango da prestakuntza emateko arduraduna.
  • IKUSKAPENA ETA SEGIMENDUA: Erizainak ikuskatuko ditu zaintzak, eta hark egingo ditu segimendu-dei egokiak, harik eta ikastetxeko langileak adingabe horri arreta segurtasunez emateko gai dela sentitu arte.
  • EBALUAZIOA: Urtero, ekainaren amaieran, protokoloaren emaitzak ebaluatuko dira; horrela, hurrengo ikasturterako hobekuntzak detektatu ahalko dira.

 

DIABETESA ETA ERIZAINTZA

Gaur, zehazki, Diabetesaren Mundu Eguna da. Eta, aurten, Erizaintzaren Nazioarteko Urtearekin bat etorriz, ospakizun honek Diabetesa eta Erizaintza lema du, erizaintzako langileek diabetesarekin bizi diren pertsonei laguntzeko duten funtsezko eginkizunaz kontzientziatzeko.

 

 Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 14a