Eusko Jaurlaritzak Euskal Selekzioak FIFA egutegiaren barruan jokatzearen garrantzia nabarmendu du

0

 

Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendari Jon Redondo Euskal Selekzioak eta Costa Rica-ko selekzioak jokatuko duten partidan izango da gaur, Ipuruan. Selekzio biak 2020ko FIFAren azken leihoaren barruan lehiatuko dira. Costa Ricako taldeak Euskadi bisitatu nahi izan du, aurretik Austrian Qatar-en aurka jokatu eta partidua bana bukatu ondoren.

Egoera epidemiologikoak eraginda partidua publikorik gabe jokatuko da baina Jon Redondok, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, adierazi duenez, “zaletuen babesik gabe jokatu behar izango bada ere, Euskal Selekzioak nazioarteko beste selekzioekin lehiatzen jarraitzen du eta hori nabarmendu behar dugu. FIFA egutegiaren barruan goi mailako selekzio bat hartuko du Ipuruan eta horrek maiz eta normaltasunez lehiatzen jarraitzeko apustua sendotzen du”. Redondok gaineratu duenez, “Euskal Selekzioaren ofizialtasunari begira garrantzitsua da FIFA egutegiaren barruan lehiatzea, izan ere, epe edo leiho hori da gainontzeko selekzioek ere nazioartean lehiatzeko baliatzen dutena. Nazioarteko egutegi horretan Euskal Selekzioak presentzia izateak ikusgarritasuna ematen dio”.

Gizonezkoen Euskal Selekzioak FIFA egutegian jokatuko duen hirugarren partida izango da gaurkoa, 2018. urtean Venezuelaren eta urte bete beranduago Panamaren aurka jokatu ondoren.