Osakidetzak lortu du urtebetean % 25etik % 5era murriztea medikamentuen erabilera bronkiolitisaren tratamenduan

0

Urtero, 4.500 bronkiolitis-gertakariri ematen zaie arreta 2 urtetik beherako umeetan Lehen Mailako Arretan, eta 3.000ri, Pediatriako Larrialdietan

 

Azaroan hasi ohi da Bronkiolitis Akutuaren epidemia; gaixotasun horrek 2 urtetik beherakoetan izaten du eragina, eta eztula, sudurreko mukositatea, sukarra eta arnasteko zailtasuna eragiten ditu. Umeen % 20 inguruk izango du bere lehendabiziko urtean bronkiolitis-gertakari bat. Euskadin, urtero, 4.500 bronkiolitis-gertakari ingururi ematen zaie arreta 2 urtetik beherakoetan Lehen Mailako Arretan, eta 3.000 gertakari ingururi, pediatriako larrialdietako zerbitzuetan; larrialdi-zerbitzuetatik, 500 inguru ospitaleratu egiten dira.

Arnas birus sintzitiala da kasuen proportzio handienaren eta modurik larrienen eragilea. Ipar-hemisferioan azaro eta apirilaren bitartean izan ohi dira, eta abenduan eta urtarrilean izaten dira kasurik gehien.

Aurten, gainera, Bronkiolitis Akutuaren epidemia egungo COVID-19-aren pandemiarekin batuko da; COVID-19-aren eragileak, koronabirusak, antzeko sintomak eragin ditzake. Hori gertatu da hego-hemisferioko herrialdeetan; haietan, Bronkiolitis Akutuaren epidemia ez da hain intentsoa izan, beste urte batzuekin alderatuta, beharbada Covid-aren kutsadurak saihesteko hartu diren prebentzio-neurrien ondorioz, neurri horiek arnas birus sintzitiala zabaltzea ere eragozten baitute.

Bronkiolitis Akutuaren kasu gehienak ez dira larriak, baina eragotzi egiten dute umearen eta haren familiaren bizi-kalitatea denbora batez. Birusak eragindako gaixotasuna denez, ez du tratamendurik. Neurri egokienak dira adingabea erosoago egotea egiten dutenak, besteak beste: sudurreko jariatzeak garbitzea eta antitermikoak ematea, sukarra baldin badu.  2 eta 3 aste bitartean sendatzen dira, eta ospitaleratzen diren umeek baino ez dituzte behar izaten arnasa hobeto hartzeko aparatuak.

Osakidetzak hainbat ekimen jarri ditu abian, azken urteotan, diagnostikoa eta tratamendua hobetzeko, informazio- eta hezkuntza-materiala emateko eta, oro har, gaixotasun horren ikusgaitasuna areagotzeko. Hori horrela, familien lankidetzak eta inplikazioak jarraitzen du funtsezkoa izaten Bronkiolitis Akutuari heltzeko. Hori dela eta, Osakidetzaren web-orrian, Osasun Eskolaren atalean, espazio bat dago aitek eta amek gaixotasunaren tratamenduan oso garrantzitsuak diren zenbait alderdi ezagutzeko, besteak beste: arnasketa kontrolatzea edo sudurreko garbiketa nola egin.

 

MEDIKAMENTUEN ERABILERA MURRIZTEA

Era berean, haurren arreta hobetzeko eta beharrezkoa ez den medikamenturik ez erabiltzeko, Osakidetzak pediatriako zerbitzu guztietan Bronkiolitis Akutuaren Asistentzia Bide Integratua zabaldu du, gaixotasun horren aurrean pertsonal sanitarioaren jarduketa bateratzeko. Ibilbide horren ezarpena eraginkorra izan da medikamentuen erabilera murrizteko, esaterako, bronkodilatadoreen erabilerarena. 2019-2020ko kanpainan, Osakidetzan arreta jaso zuten bronkiolitis-gertakarien % 5ean erabili ziren, eta, aurretik, % 25ean erabiltzen zen.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 16a