URAk 3500 m² lur tratatu du Cortaderia selloana edo Panpa-lezka kontrolatzeko eta erauzteko Cadagua ibaian, Bizkaiko Zallako Herrera auzoan

0

URA-Uraren Euskal Agentziak —Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikiak— Cortaderia selloana-z estalitako 3500 m² tratatu du (Panpa-lezka, eskuarki), espezie hori kontrolatzeko eta erauzteko,  Cadagua ibaiaren ezkerraldean, Zallako (Bizkaia) Herrera auzotik igarotzean.

Cadaguan Cortaderia kentzeko lehen esku-hartze hori 1430 m ibaian zehar egin da, ibilguaren eta Balmaseda eta Zalla lotzen dituen Mella bidegorriaren artean, ibaia lehengoratzeko eta ibilguak mantentzeko lanak egiteko Zallako Udalak eta URAk sinatutako lankidetza-hitzarmenaren esparruan.

Espezie horren hedatzea mugatu eta espezie-aleak erauzteko egindako lanek badute osagai esperimentala arro horretan, espezie hori kontrolatzeko metodo bat finkatu nahi baitute, baita Cadaguan ere,  Glifosatoa deritzon pestizida erabili gabe. Honela jardun izan da:

Lehenik eta behin, infloreszentziak (zurtoinean jaiotzen diren loreak) kendu zitzaizkien kimatzen hasi ziren landareei: plastikozko poltsekin estaliz, ahal zen neurrian,  haziak barreiatu ez zitezen. Ondoren, planta baimendu batera eraman zituzten, errausteko.

Bigarrenik, dauden Cortaderia selloana-ko aleak moztu ziren, eta hondeamakina txiki batekin, lurrean errotutako sustrai-hondarrak altxatu, irauli eta leku berean airean uzteko. Guztira, neurri desberdineko 550 landare inguru kendu dituzte metodo mekanikoekin.

Tratamendu horrek eskatzen du urtero, gutxienez datozen 3-5 urteetan, tratamendu horren bilakaerari hurretik jarraitzea. Beharrezkoa izanez gero, esku-hartze berriak egin beharko dira jarduketaren arrakasta bermatzeko eta, ahal den neurrian, landare inbaditzailearen presentzia desagerrarazi arte murrizten saiatzeko. Mantentze-lanetarako urteko esku-hartze horiek prozedura mekaniko soilekin egingo dira, glifosatoa erabili gabe.

2020ko neguan, kimu berriak eteteko, eskuz errepasoa egingo da, eta, ondoren, tokiko ibaiertzeko landaredia landatuko da tratatutako eremu horretan, galeria-basoko zerrenda hostotsu bat sortzeko: ibaiaren inguruan espezie inbaditzaileak hedatzea eragozteko oso aproposa baita, eta ibaiaren egoera ekologiko ona lortuko bada, ezinbestekoa delako ibaiertzetako tokiko landare-estaldura oparoa berreskuratzea.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.

Argazkiak: https://www.flickr.com/photos/uraagentzia/albums/72157716911188832