Eusko Jaurlaritzak emakumeen eta gizonen berdintasunerako Legearen aldaketa onartu du, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako herri-ituna ahalbidetuko duena

0

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuaekin batera.

Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak jakitera eman duenez, Gobernu Kontseiluak Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea bigarrenez aldatzeko lege-proiektua onartu du. Sailburuak azaldu duenez, legearen aldaketa honen bidez, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politikak indartu nahi dira, eta, aldi berean, politika horiek testuinguru arauemaile eta sozial berriaren ondoriozko behar berrietara egokitu. «Proposamenean nazioarteko araudiaren aurrerapenak, gizarte-kontzientzia, gaiari buruzko ikaskuntzak, lanaren ebaluazioak eta etengabeko egokitzapenak eta politika publikoen koordinazioa, talde feministen aldarrikapenak eta biziraun duten emakumeen eskaerak integratzen saiatu gara. Eta Legearen alderdirik azpimarragarrienetako bat mantentzen eta indartzen saiatu gara: emakumeen aurkako indarkeria genero-desberdintasunaren adierazpen goren gisa kokatzea, eta berdintasunean aurrera egitea indarkeria desagerrarazteko «, adierazi du.

Era berean, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak azpimarratu du, dagoeneko eraikita dagoena oinarri hartuta, proposamen honek eraldatzailea eta sentikorra izan behar duela eskari, erronka eta behar berrien aurrean, eta sentsibilitate guztiak integratu behar dituela; horrela, babes politiko, tekniko eta herritar zabala bermatuko da, arrakasta izateko gakoetako bat izango dena. «Azken finean, legearen aldaketa honekin berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako politika eta itun bat ahalbidetu nahi da», gaineratu du.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakinarazi du Gobernu Kontseiluak Euskadiko COVID-19 pandemiaren lan-arloko kasuak eta harreman estuak zaintzeko eta kontrolatzeko programa onartzea erabaki duela. Zupiriak azaldu duenez, Osalanek garatuko du programa hori, eta, horretarako, erakunde autonomoaren baliabideak indartu egingo dira, prestakuntza tekniko-epidemiologikoa izango duten 12 pertsona gehiago kontratatuz, lurralde bakoitzeko lau, 708.500 euroko aurrekontuarekin.

Bestalde, Zupiria sailburuak adierazi du gaurko Gobernu Kontseiluak ontzat eman duela Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru-aldundiekin Euskal Autonomia Erkidegoko ikastetxeetan 2021-2022 eta 2022-2023 ikasturteetan ekonomiari eta fiskalitateari buruzko unitate didaktikoa garatzen jarraitzeko hitzarmena sinatzea. “Ekonomiari eta fiskalitateari buruzko oinarrizko ezagutzak zabaltzeko eta ikasle-kolektiboan zerga-kontzientziazio handiagoa sustatzea du helburu”, esan du.

Gainera, Bingen Zupiriak azaldu du Gobernu Kontseiluak oniritzia eman diola Garraio, Etxebizita eta Lurralde Plangintza sailak Azkoitiako Udalarekin hitzarmen bat sinatzeari, 2026ra bitartean, Txalon Errekako eremuan, babespeko alokairuan emateko 40 etxebizitza eraikitzeko. Lur-zoruen erosketa, urbanizazio-lanak eta etxebizitzen eraikuntza, guztira 5,9 milioi euroko inbertsioa izango da.

Amaitzeko, Bozeramaileak jakitera eman du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Araba, Gipuzkoa eta Bilboko Merkatal-Ganbarekin, merkataritza minoristari aholkularitza-zerbitzuak emateko lankidetza-hitzarmena sinatzeari. Zupiriak azaldu duenez, merkatal-etxe txikiei zuzentzen da batipat, EUS-COMMERCE 2020 egitasmoaren esparruan, eraldaketa digitalari eta merkataritza elektronikoaren erronkei aurre egiteko aholkularitza eta formakuntza jaso ahal izan dezaten.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena