Lau pertsona zauritu dira gaur arratsaldean Gipuzkoan gertatu diren bi zirkulazio-istriputan

0

EAEko errepideetan 18:30 arte gertatu diren eta biktimak eragin dituzten trafiko-istripuen balantzea

Guztira lau pertsona zauritu dira gaur arratsaldean A-15 autobidean, Hernanin eta Urnietan, gertatu diren bi zirkulazio-istriputan. Lehenengo istripua Hernanin gertatu da, kamioi batek eta motor batek elkar jo dutenean. Istripuaren ondorioz sortu diren auto-pilaketen ondorioz Urnietan sei autok jo dute elkar bata bestearen atzetik, eta bidea itxi egin behar izan da Irunerako noranzkoan.

Lehenengo istripua arratsaldeko ordu biak eta hamarrean gertatu da, motor batek kamioi bat jo duenean A-15 autobidean, Gipuzkoako Hernani herrian. Istripuan zaurituta geratu da motorraren gidaria, 54 urteko gizonezkoa, eta Donostia Ospitalera eraman behar izan dute anbulantzian. Kolpearen ondorioz, itxita geratu dira Irunerako noranzkoko hiru erreietako bi, eta auto-ilarak sortu dira, beraz, inguruan.

Hain zuzen ere, pilaketa horietako batean, arratsaldeko hiruak laurden gutxian, bata bestearen atzetik jo dute elkar bost autok eta kamioi batek. Istripuaren ondorioz itxi egin behar izan da Irunerako noranzkoko erreia, zaurituak artatzen eta errepideak bidetik kentzen zituzten bitartean. Bertara hurbildu diren agenteek arautu dute trafikoa garbiketa-lanak egiten zituzten bitartean. Istripu horretan hiru pertsona zauritu dira eta Donostia Ospitalera eraman behar izan dituzte.

Bestalde, goizean zehar hiru kilometrora arteko auto-ilarak sortu dira AP-8an, Biriatuko ordainlekuan, Irunen, Frantziarako noranzkoan, kamioiak pilatu izanaren ondorioz.