30 milioi euroko zuzkidura duen euskal ostalaritzarako laguntza-programa berriari buruzko agindua argitaratu da gaur

0

Bihartik, azaroaren 19tik aurrera, 30 milioi euroko zuzkidura duten euskal ostalaritzarako laguntza berriak eskatu ahal izango dira. Laguntza horien helburua da euskal ostalaritzaren sektoreari babesa eta euskarria ematea, osasun-krisiaren eragin ekonomikoa txikiagotzeko. Laguntza horiek Eusko Jaurlaritzak zein beste erakunde batzuek gaur egun ematen dituztenak osatuko dituzte, eta, beraz, bateragarriak dira haiekin.

Laguntzak egoitza elektronikoaren bitartez eskatu ahal izango dira, edo, bestela, aurrez aurre, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lurralde-bulegoetan edo Eusko Jaurlaritzaren Zuzenean zerbitzuko jendearentzako arreta-bulegoetan.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eskaera online egitea gomendatzen du. COVID protokoloak direla eta, aurrez aurreko entregak egiteko ordua eskatu behar da aurrez, eta horrek epeak mantsotu ditzake. Hori dela eta, eskaera online egin dezakeen orori eskatzen diogu horrela egiteko, bizkortasunagatik, erosotasunagatik eta segurtasunagatik.

Era berean, Sailak lasaitasunerako mezu bat bidali du, laguntzek aurkeztutako eskaera guztiei erantzungo baitiete, sarrera-ordena edozein izanik ere. Hortaz, ez da beharrezkoa eskaera lehen egunetan egitea, 15 eguneko epea baitago (abenduaren 10era bitarte) eskaerak denboran tartekatu ahal izateko eta sistema ez kolapsatzeko.

Nori zuzenduta dago laguntza?

Egoitza Euskadin duten jatetxe-arloko establezimenduei: establezimendu finkoetan diharduten jatetxeak, tabernak, kafetegiak eta antzeko establezimenduak, jendearentzat, oro har, irekita daudenak eta lokalean bertan kontsumitzeko janariak eta edariak era profesional eta ohikoan eskaintzen dituztenak.

Norberaren konturako langileen edo langile autonomoen kasuan, beharrezkoa da Langile Autonomoen Araubide Berezian alta emanda egotea 2020ko urriaren 25ean alarma-egoera deklaratu aurretik.

Baita jardueraren itxialdia amaitu eta ondorengo lau hilabeteetan egoera berean egotea. Eta, horrez gain, Ekonomia Jardueren gaineko Zergan alta emanda egotea, aldi horretan bederen.

Laguntzen zenbatekoa

Itzuli beharrik gabeko dirulaguntzak dira, eta honela banatuko dira:

  • 1-3 langile dituzten establezimenduak: 3.000 euro
  • 4-10 langile dituzten establezimenduak: 3.500 euro
  • 10 langile baino gehiago dituzten establezimenduak: 4.000 euro

Kasu guztietan, langile guztien zenbaketan autonomoak eta soldatakoak sartuko dira.

Nola eska daitezke laguntzak?

Lantoki edo establezimendu bakoitzeko eskaera bat aurkez daiteke. Horretarako, aginduan zehaztutako beste baldintza batzuen artean, eskabidea eta gainerako formularioak bete eta erantzukizunpeko adierazpen bat aurkeztu behar da, eskatzaileari buruzko datuekin; erakunde onuradun izateko baldintzak betetzen dituela; pertsona edo erakundea ez dagoela onuradun-izaera lortzea debekatzen duen ezein zirkunstantziatan; 2020ko urriaren 25ean zegoen plantilla osoari buruzko datuekin; haren jarduera nagusia ez dela janariak eta edariak etxez etxe banatzea eta establezimenduan biltzea (Delivery eta Take Away).

Gainera, Administrazioak laguntzak ordaindu ahal izateko, erakunde eskatzaileak Ekonomia eta Ogasun Saileko Kontrol Ekonomikoko Bulegoko Hirugarrenen Erregistroan agertu beharko du.

Dirulaguntza ordaintzeko modua

Onuradunei ordainketa bakarrean ordainduko zaie dirulaguntza, eman eta onartu ondoren. Dirulaguntza onartutzat hartuko da jakinarazpena egin eta hamar eguneko epean interesdunak berariaz uko egiten ez badio.

Ikuskapena eta egiaztapena

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak bidezkotzat hartzen dituen ikuskapenak eta egiaztapenak egin ahal izango ditu, eta, horretarako, eskatzen zaien informazio osagarri guztia aurkeztu beharko dute enpresa onuradunek.

Ostegunetik (hilaren 19tik) aurrera, informazio guztia:

Telefonoa: 945 062 130

https://www.euskadi.eus/gobierno-vasco/departamento-turismo-comercio-consumo/