Hezkuntza sailak I. STEAM Euskadi Sariak banatu dizkie, heziketa zientifiko-teknologikoko jardunbiderik onenei

0

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak I STEAM Euskadi Sariak banatu ditu gaur goizez Bilbon. Sari hauek STEAM hezkuntza-eredua sustatzeko jardunbiderik onenak aitortzen dituzte, beti ere zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematikako bokazio goiztiarrak –arteekin eta humanitateekin lotuta- bultzatzeko helburuz. STEAM ingelesezko akronimoa da, Science, Technology, Engineering, Arts eta Mathematics hitzekin osatua.

Sailburuarekin batera sari banaketan izan dira: Begoña Pedrosa, Hezkuntza sailburuordea; Adolfo Morais, Unibertsitate eta Ikerketa sailburuordea; Jorge Arevalo, Lanbide Heziketako sailburuordea; eta Leire Bilbao, Berrikuntzako Euskal Agentziaren zuzendari nagusia.

Sari banaketa ekitaldian, Bildarratz sailburuak lehen edizio honetara aurkeztu den ekimen kopuru handia txalotu du (133), eta Hezkuntza Sailak aurreko legegintzaldian abian jarritako STEAM Euskadi Estrategia bultzatzeko eta indartzen jarraitzeko konpromisoa berretsi du. “Gure hezkuntza sistema osoa hartzen duen estrategia da, txiki-txikitatik Lanbide Heziketa eta unibertsitatera arte, eskola eta institutuetatik pasatu eta gero”, azaldu du.

Sailburuaren esanetan, STEAM Euskadi Estrategiaren helburua da “ikasle guztiak eduki horietara (zientzia, teknologia, ingeniaritza edo matematikak) hurbiltzea, horiekiko beldurra galtzea eta, azkenean horietan eroso sentitzen badira, arlo horietako unibertsitate ikasketak edo Lanbide Heziketako zikloak ikas ditzatela. Izan dezatela informazio eta ezagutza guztia, ondoren erabaki ahal izateko”.

Ildo horretan, bereziki nabarmendu du neskak diziplina zientifiko eta teknologiko horietara erakartzeko beharra, Hezkuntza Sailak bultzatzen duen estrategiaren helburuen artean. Beraz, eta ez da kasualitatea, sariketa honetako bi modalitatetan arreta berezia jartzen zaio genero ikuspegiari.

Saritutako ekimenak

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Innobasque-Berrikuntzaren Euskal Agentziaren laguntzaz deitzen duen sariketa honek lau kategoria ditu, horietako bakoitza 3.000 euroko sariarekin. Sari hori STEAM izaerako jardueretara bideratu beharko da. Kategoria bakoitzean sarituak izan dira:

  • Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeek sustatutako ekimenik berritzaileena: Neuronak Martxan, Bilboko Artxandape Ikastolarena (Bizkaia).

DBHko 3. mailako ikasleek irtenbide teknologiko bat proposatzen dute bizitzako behar erreal baterako, prototipo bat sortzen dute eta baita enpresa bat ere. Horrela, hainbat trebetasun jartzen dira praktikan, hala nola, ikerketa, lankidetza eta ekintzailetza.

  • Gainerako erakundeek sustatutako ekimenik berritzaileena: Elhuyar Zientzia Azoka, Elhuyar Fundazioarena.

Elhuyar Zientzia Azkoka DBHko eta Batxilergoko ikasleek garatutako STEAM proiektuen azoka da. Zientzia eta teknologiarekin lotutako esperientziak eta aukerak eskaintzen ditu, eta ikertzaileak hezkuntza zientifikoan inplikatzen ditu, emakumeei ikusgarritasuna ematen arreta berezia jarriz.

  • Unibertsitateaz kanpoko ikastetxeek sustatutako genero-ikuspegidun ekimenik onena: Proyecto STEAM desde un punto de vista inclusivo, Gasteizko San Martin HLHIrena (Araba)

4 eta 5 urte bitarteko haurrei zuzenduta, proiektu honek egoera bat konpontzea proposatzen du, norberak egindako materialak erabiliz eta ikerketa zientifikoaren, teknologikoaren eta adierazpen artistikoaren bidez. Guztia, gainera, inklusibitatean eta berdintasunean oinarrituta.

  • Gainerako erakundeek sustatutako genero-ikuspegidun ekimenik onena: Inspira STEAM, Deustuko Unibertsitatearena

Ekimen honek Lehen Hezkuntzako nesken bokazio zientifiko-teknologikoak sustatzen ditu, taldeko mentoringaren bidez, zientzia, teknologia eta berrikuntzako emakume profesionalek zuzendutako saioetan. Ikasketak aukeratzerakoan neskak baldintzatzen dituzten alderdiak lantzen dira.

Hezkuntzan adituak diren zortzi profesionalek osatu dute STEAM Euskadi Sarien epaimahaia. Honek, beste zortzi proiektu finalisten lana ere aitortu du lehen edizio honetan aurkeztu diren 133 hautagaitzen artean. Ikastetxeek, unibertsitateek, elkarteak edo Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzako Euskal Sareko eragileek aurkeztutakoak izan dira guztiak. Honako hauek izan dira finalista:

  • Forensic Science, Gaztelueta Ikastetxea
  • Las colillas de tabaco ni son semillas ni se esfuman, CF Somorrostro
  • Ortu ekologiko zientifikoa, Kurtzebarri Eskola
  • AutoEZTIMA, Berrio-Otxoa Ikastetxea
  • Haritu, Suspergintza Elkartea
  • Feria de app para educación, UPV/EHU
  • ElkarMaker, Ikastolen Elkartea
  • Una mano STEAM solidaria, Don Bosco LHII

STEAM Euskadi zigilua

Sariketara aurkeztu duren 133 hautagaitzen artean 94k (%72k) STEAM Euskadi zigilua eskuratu dute. Bereizgarri horrek STEAM izaera nabarmena duten hezkuntza-ekimenak aitortzen ditu, hau da, bokazio zientifikoak eta STEM asmo profesionalak sustatzea eta ikasleen STEAM gaikuntza hobetzea helburu duten ekimenak dira. Ekimen horiek guztiak STEAM Euskadi Estrategiaren webgunean (www.steam.euskadi.eus) jasoko dira, inspirazio iturri izango diren STEAM hezkuntza-ekimen gisa.

STEAM Euskadi Sariak ikusgarritasuna ematen die euskal ikasleen gaitasun zientifiko-teknologikoa hobetzen duten ekimenei. Ekimen hauek lortutako inpaktua, berrikuntza-maila eta diziplina horietara ikasleak erakartzeko gaitasuna hartzen ditu kontuan sariketak. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak bultzatzen duen STEAM Euskadi Estrategiaren parte dira, Euskadiren garapen ekonomiko eta soziala ziurtatzeko elementu gisa.