Tapiak berretsiko du trantsizio ordenatuaren aldeko jarrera, karbono aldetik neutroa eta klima-aldaketaren aurrean erresilientea den gizartea lortzeko

0

Arantxa Tapiak aurkeztuko du, gaur arratsaldean, Euskadik klima-aldaketaren alorrean egin duen lana, industria sektorera zuzenduta, eta baita klima-aldaketa arintzeko eta berari egokitzeko xedez lurraldean gauzatzen ari diren ekintzak ere; aurkezpena “States and Regions on the Path to Net-Zero” izeneko goi mailako foroan egingo du; bertan, Kalifornia, Baden-Württemberg, South Australia eta Kataluniako gobernuek ere parte hartzen dute, Nazio Batuen Erakundearen “Race to Zero” kanpainaren baitan, hots, ekonomien deskarbonizaziorantz aurrera egiteko kanpainaren baitan.

Tapiak ideia bat azpimarratuko du, alegia, karbono aldetik neutroa eta klima-aldaketaren inpaktuen aurrean erresilientea den gizartera zuzendutako trantsizioan ez dagoela ez lasterbiderik ez aitzakiarik. Parisko akordioaren helburuak lortzeko, bai herrialdeek eta bai eskualdeek helburu handinahiak ezarri behar dituzte. Eusko Jaurlaritza lantzen ari den Trantsizio Energetiko eta Klima-aldaketaren Legearen helburua da berotegi-efektuko gasen isurketaren neutraltasuna 2050ean lortzea eta lurraldea hobeto prestatzea klimaren ondorioen aurrean.

Begiratua 2050ean jarrita, Eusko Jaurlaritzak uste du karbono-neutraltasunera doan bidearen oinarriak izan behar direla energia berriztagarrietarako eta elektrifikaziorako trantsizioa eta I+G-aren aldeko apustua, berriztagarrietan oinarritutako bektore energetiko berriak garatzeko, hala nola hidrogeno berdea. Halaber, funtsezkoa da nekazaritza- eta baso-praktika ekologikoagoak sustatzea eta beste gas batzuen isuriak murriztea; adibidez; hondakinen kudeaketan sortutako metanoa. Neurri horiek finantza-baliabide propioak izan behar dituzte atxikita, Europako bizkortze-funtsei lotuta; izan ere, hori lagungarria izango da eraldaketa hori bidezko eta ekologikoa dela bermatzeko eta ekoizpen-sektore guztiak, gizarte-erakundeak eta herritarrak barne hartzeko.

Eskualdeen funtsezko rola

Halaber, sailburuak eskualdeek jokatzen duten rola azpimarratuko du, eta nabarmenduko du beharrezkoa dela eskualde-gobernuak helburu eta mekanismo horien definizioan inplikatzea, klima-ekintzaren ezinbesteko eragile gisa, akordio global nagusiak toki eta eskualde mailan inplementatzeko.

Garapenerako Nazio Batuen Plana GNBPren arabera, klima-aldaketa arintzeko ekimenaren % 70 baino gehiago eta haren ondorioei egokitzeko neurrien % 90raino toki eta eskualdeetako agintaritzek hartzen dituzte. Hain zuzen ere, gobernu maila horiek dira Europar Batasuneko legediaren % 70 aplikatzen dutenak, eta horrek gastu publikoaren herena eta inbertsio publikoaren bi heren hartzen ditu. Horrenbestez, eskualdeek funtseko rola jokatzen dute klima-neutraltasunaren helburua 2050. urtean lortzeko.

Halaber, Tapia garapen bidean dauden herrialdeekin kooperatzeko mekanismoak abiatzearen alde azalduko da, transferentzia teknologikoa errazteko, karbono-ihesa eragozteko eta baso-soiltzea saihesteko, basoen kudeaketa jasangarria sostengatuz, beste mekanismo batzuen artean.

“Race to Zero” eta Klima-anbizioaren aldeko Aliantza

Iazko abenduan Madrilen egin zen COP25-Klimaren Goi bileran, “Klima-anbizioaren aldeko Aliantza: Neutraltasuna 2050ean» ekimena aurkeztu zen. Haren partaideak CO2-aren isuri garbiak 2050ean zero izateko helburuaren alde lan egiten duten gobernuak, enpresak eta gizarte zibilaren erakundeak dira. Lan horretan sartzen dira 2020an jadanik eginda dauden aurrerapen garrantzitsuak.

Estatuz kanpoko eragileak aliantza horrekin bat egitera bultzatzeko xedez, Nazio Batuen Erakundeak “Race to Zero” kanpaina abiatu zuen 2020ko ekainean, tokiko eta eskualdeetako gobernuek ekintza handinahiagoekin eta epe luzerako estrategiekin hartutako konpromisoa erakusteko, hori guztia Parisko Akordioaren helburuak ahalik eta arinen lortzera zuzenduta. Esperientzia horiek “goi mailako elkarrizketak” deritzanen bitartez konpartitzen dira. Horietako bat da Tapia sailburuaren parte-hartzea izango duen panela, Under2 Coalition nazioarteko sareak antolatua beste hauen sostenguarekin: Regions4-garapen jasangarriaren aldeko eskualde-gobernuen sarea, Kaliforniako Gobernua eta CGLU-Hiri eta Tokiko Gobernuen erakundea.

Nazioarteko lidergo horri esker, Euskadi da “Klima-anbizioaren aldeko Aliantzan» sartuta dauden munduko 22 eskualdeetako bat, lurraldearen karbono-neutraltasuna 2050. urterako edo lehenagorako azkartzeko hartutako konpromisoagatik. Mugarri garrantzitsuenetako bat izan zen Iñigo Urkullu Lehendakariak 2019ko uztailean klima-larrialdia deklaratu izana.

Tapia sailburuak, gainera, Lombardiako Gobernuak –Italia- garapen jasangarriari buruz antolatu duen nazioarteko foroan parte hartuko du bihar –osteguna-; bertan, Eusko Jaurlaritzak jasangarritasun-politiken diseinuan izandako esperientzia konpartituko du, hots, legedia, inbertsioa, prestakuntza eta gobernuz kanpoko eragileekiko aliantzak erabiliz izandako esperientzia, Regions4-garapen jasangarriaren aldeko eskualde-gobernuen sarearen buru gisa izandako lidergoa ere baliatuz. Izan ere, Euskadi da mundu osoko berrogeita hamar eskualde-gobernu biltzen dituen sare horren presidentea.