Eusko Jaurlaritzak Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak arautzeko Lege-Proiektu bat onartuko du eta Eusko Legebiltzarrera bidaliko du

0

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkorekak Sailaren lerro nagusiak azaltzeko agerraldian eman zuen jakitera Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak arautzeko lege-proiektua Eusko Legebiltzarra XII. Legegintzaldian eramateko konpromisoa.

 

Helburu hori gaur azaldu da Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetarako Batzordeak (SPEIS) egin duen bilera telematikoan. Bileraren buruan Pedro Anitua Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako zuzendaria izan da, eta bertan parte hartu duten erakunde eta entitateei eskatu die euren ekarpen teknikoak egiteko, alde batetik, Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuen lege-proiektuari eta, bestetik, hondamendietan laguntzeko unitatea, larrialdi-egoeretan, baina nazioartekoetan ere, esku hartuko lukeena, sortzeko proposamenari.

 

Batzordea eztabaidarako eta parte hartzeko organo bat da, eta hiru foru-aldundiek, Euskadiko hiru hiriburuetako udalek, Segurtasun Saileko Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak, Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak, Eudel – Euskadiko Udalen Elkarteak eta Euskadiko Suhiltzaileen Zerbitzuak Bultzatzeko – AES elkarteak parte hartzen dute bertan.

 

Lege-proiektua suhiltzaile-zerbitzuei zuzenduta dago, eta helburua da jarduera arautzea eta Euskadin zerbitzua koordinatuta emango dela bermatzea.

 

Gaur egun lurralde historikoetako hiriburuek eta hiru foru-aldundiek dituzte Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuak, eta Euskal Autonomia Erkidego osoari ematen diote zerbitzua 25 parkek osatzen duten sarearen bidez.

 

Bestalde, hondamendietan laguntzeko unitatearen helburua da larrialdiei erantzuteko hainbat “modulu” garatzea “Europar Batasunaren Babes Zibilaren Mekanismoa” izenekoaren baitan. Modulu horietan aktiboki parte hartu ahal izango dute Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazioko langile publikoek, beste administrazio publiko batzuen edo erakunde pribatuen zerbitzura dagoen pertsonalak dagokion hitzarmenaren bidez eta babes zibileko boluntarioek.

 

Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademiak akordio-proposamen bat aurkeztu du bileran, Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuetan sartzeko pertsonalarentzat deialdi bateratuak egiteko erakundeekin lankidetza-hitzarmenak sinatuta, era horretara irizpideak bateratu ahal izateko eta hautaketa-prozesuak errazteko.

 

Azkenik, Batzordeak Suteen Prebentzio eta Itzalketako eta Salbamenduko Zerbitzuek basoetan izandako azken suteetan egindako esku-hartzeak eta horiei erantzuteko erakundearteko lankidetzak aztertu ditu.