Ertzainek, Udaltzaingoarekin lankidetzan, 27 urteko gizon bat atxilotu dute goizaldean Barakaldon, arma zuri batekin eraso egitea, genero-indarkeriaren delitua eta urruntzeko agindua urratzea leporatuta. Susmagarria, dirudienez, bikote ohiaren Zorrotzako etxean agertu da goizaldeko ordu biak eta laurden aldera, eta bertan zeudenekin hizketan aritu ondoren labana hartu eta lepoan eta sorbaldan zauritu du emakumearen lagun bat. Zauriek hemorragia handia eragin diote, eta erasotzaileak korrika alde egin du etxebizitzatik. Horrez gainera, susmagarriak bikote ohia eta bertan zegoen beste emakume bat jo ditu, erasoa saihesten ahalegindu baitira.
Gaur goizaldeko ordu biak eta laurden aldera, Zorrotzako etxebizitza batetik Ertzaintzari jakinarazi diote gizon batek labanaz zauritu duela lepo inguruan beste bat, eta odoletan zegoela eta medikuaren laguntza behar zuela. Bestalde, jakitera eman diote ustezko erasotzailea etxearen jabearen senargai ohia zela, emakumearengandik urruntzeko agindua zuela indarrean eta zauritua emakumearen lagun bat zela.
Adierazitako lekura hurbildu diren Ertzaintzaren patruilek lurrean etzanda eta odola dariola aurkitu dute zauritua, eta emakume bat ari zen bera zaintzen. Jarraian, etxebizitzaren jabeak gertatutakoari buruzko xehetasunak eman dizkie agenteei. Handik laster iritsi da anbulantzia bat, eta zauritua Basurtuko ospitalera eraman du azaleko zauria zela egiaztatu ondoren.
Erasotzailearen identitatea jakin ondoren eta etxebizitzaren jabearengandik urruntzeko agindua indarrean zuela egiaztatu ostean, hainbat patruila inguruak miatzen hasi dira haren bila. Horrela, Barakaldoko Udaltzaingoaren dotazio batek laster eman dio jakitera Ertzaintzari Burtzeña auzoko Zubilleta kalean zuela atxikita ustezko erasotzailearen deskribapenarekin bat zetorren gizonezko bat, eta korrika ikusi dutelako iruditu zaiela susmagarria.
Aurkitu nahi zuten pertsona zela ziurtatu ondoren, agenteek atxilotu egin dute 27 urteko gizona, arma zuriarekin eraso egitea, genero-indarkeriaren delitua eta urruntzeko agindua urratzea leporatuta.