URAk gailuak ezarri ditu Oria ibaiaren ohantzean, Legorreta parean, korrontea aldatzeko eta sedimentuen metaketa murrizteko hiru zubiren inguruan

0

URA-Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikia) Oriako korrontearen dinamika aldatu du Legorretako hirigunetik igarotzean, sedimentuen metaketa murrizteko eta GI-2131 errepideko zubiaren, Zubizarrako zubiaren eta Torreko zubiaren edo Guadalupeko zubiaren sekzio hidraulikoari eusteko.

Legorretako Udalarekin eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzartutako jarduketa bat da, halako jarduketa-mota egiteko aukera ematen zuen Oriaren tarte batean: izan ere,  tartea ubideratuta dago sekzio hidrauliko nabarmen handi batez, eta, bertan,  ibai-dinamikak berak ibaian berezkoak diren  legar, agregakin eta sedimentuak utzi izan ditu, ur-dantza naturalean. Horiek ibilguan trinkotu egin ziren,  bertan ernetutako landarediaren (bai bertakoa, bai espezie aloktonoak) laguntzaz.

Era berean, jarduketa honek xede du ikustaraztea bateragarriak direla tarte baten aberastasun ekosistemikoaren zaintza eta bideratze edo zubi baten ahalmen hidraulikoa zaintzea, dragatzeetara jo gabe.

https://www.uragentzia.euskadi.eus/contenidos/documentacion/infografias/eu_def/adjuntos/DEF_Infografia-URA-Ineficacia-limpieza_behin_betikoa.pdf

Jardueraren helburua ubidearen eta zubien sekzio hidraulikoa mantentzea izan da, titularrekin lan horretan elkarlanean arituz, ibaiaren dinamika naturala aprobetxatuz. Horretarako, deflektoreak (hots, korrontea aldatzeko egitura txikiak) sustatu dira, ibaiak, aurrerantzean, sedimentuak ibaian behera garraiatzea errazteko. Hau da, sedimentuen mugikortasuna erraztu da, hartara,  ahalmen hidraulikoa berreskuratzeko eta bitarteko mekanikoak erabili behar barik. Ibai baten berariazko solidoak garraiatzeko eta sedimentatzeko dinamika natural etengabea aprobetxatu nahi izan da zubien ahalmen hidraulikoa gordetzeko.

Esku-hartzea bereziki zaindu behar izan da, bisoi europarrarentzako (Mustela lutreola)  Interes Bereziko Eremutzat eta Kontserbazio Bereziko Eremu baten tartea (Oria Garaiko ES21200105 KBEa) baita: ibai-korridore ekologiko bat, baita ibaiertzetako haltzadi eta lizardi subkantauriarrentzako (91E0*); maskara edo loinentzako (Parachondrostoma miegii), ibaietako arrain-komunitatea eta hegazti-faunarentzako — hala nola ur-zozoa (Cinclus cinclus) edo martin arrantzalea (Alcedo atthis)—ere, besteak beste.

Jarduketaren hasieran baino ez da beharrezkoa izan jada finkatuta dauden legarrak eta solidoak harrotzea, espezie inbaditzaileen mozketa eta garbiketa selektiboak egitea eta agregakinak ateratzea.

Legorretako Oria ibaiaren biodibertsitatea kontserbatzen laguntzen du jarduketak, bertan dauden espezie exotiko inbaditzaileak ezabatuz (itzaleko platanoak eta akaziak), eta arreta berezia jarri da tokiko ibaiertzeko basoko haltzak, lizarrak edo sahats zuriak kontserbatzean.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.