Donostian atxilotu dute indarkeria erabiliz lapurreta egiteagatik

0

Ertzainek 31 urteko gizon bat atxilotu zuten atzo arratsaldean Gipuzkoako hiriburuan, indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Susmagarriak, dirudienez, bultza eginda lurrera bota zuen erosketa-orgarekin supermerkatu batetik irten berri zen adineko gizon bat, orga lapurtzeko asmoz. Gertatutakoa ikusi zuten beste hiritar batzuek esku hartu izanaren ondorioz, ustezko lapurrak korrika alde egin zuen lapurreta egitea lortu gabe.

Atzo arratsaldeko lauak baino lehentxeago, Ertzaintzak partikular baten abisua jaso zuen, gizon bat Tolosa Hiribidean, supermerkatu batetik hurbil, adineko gizon bati erosketa-orga lapurtzen saiatu zela esanez. Horretarako, bultza eginda lurrera bota zuen, baina gertatutakoa ikusi zuten beste pertsona batzuk tartean sartu ziren eta ez zuen orga lapurtzea lortu. Bestalde, berriemaileak adierazi zuen ustezko lapurra oraindik inguruan zebilela.

Ertzaintzaren hainbat patruila adierazitako lekura hurbildu ziren, eta batek biktima artatzen zuen bitartean, beste bat berriemailearekin harremanetan jarri zen, eta honek agenteei ustezko lapurraren ezaugarriak eman zizkien. Horri esker aurkitu ahal izan zuten ertzainek susmagarria Serrano Anguita kale inguruan, eta berehala geldiarazi zuten.

Gizona, 31 urtekoa, identifikatu eta, beharrezko frogaketak egin ondoren, atxilotu egin zuten indarkeria erabiliz lapurreta egitea leporatuta. Atxilotu egingo zutela esan ziotenean, gizona agente bati burukada bat ematen saiatu zen, baina agenteak saihestu egin zuen kolpea. Horri dela eta, agintaritzaren agenteen aurkako atentatua ere leporatu diote.