Urkullu lehendakariak indarkeria matxista gizarte osoaren arazoa dela adierazi du

0

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako Lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuarekin batera, indarkeria matxista “gizarte osoaren arazo” gisa deskribatu du. “Mezu bat bidaltzen diegu indarkeria jasaten duten emakume guztiei, eskaintzen ditugun baliabide eta zerbitzuetan konfiantza izateko. Gobernu honek entzun egin nahi ditu”.

Lehendakariak, era berean, gizarte osoari bidali nahi izan dio bere mezua, “erne egon dadin indarkeria jasaten egon daitezkeen emakumeekin”. “Gobernu honentzat, lehentasuna du emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartea eraikitzeak. Gure konpromisoa da zerbitzu eta baliabideak sustatzea, gure indar guztiekin, posible egiteko”, esan du, SATEVIren (indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoa, 900 840 111) egoitzara egin duen bisitan.

Hori horrela, Urkullu Lehendakariak Berdintasunerako Legea aldatzeko oraintsuko onespena dela eta, honako hau esan du: “aukera emango digu berdintasunaren aldeko eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko herrialdeko ituna sustatzeko”.

“Gaur, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei prebentzioa eta arreta emateko baliabideak areagotzeko konpromisoa berresten dugu”, esan du, eta Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak pasa den hilabetean Eusko Legebiltzarrean eginiko iragarpena aipatu du.

Modu berean, Iñigo Urkulluk “gure aurrekontuak prestatzeko genero-ikuspegi integrala” ere iragarri du.

Irisgarritasun handiagoa 900 840 111 telefonoan

Urkullu Lehendakariak, gaur, SATEVI (indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoa, 900 840 111) zerbitzua jaso duten eta entzuteko desgaitasuna edo hitz egiteko zailtasunak dituzten emakumeei irisgarritasun handiagoa eskaintzen die. Berrikuntza hori posible izan da, Euskadi Euskal Gorrak federazioaren elkarlanari esker.

Online mekanismoa da; entzuteko eta/edo hitz egiteko desgaitasuna duten pertsonei aukera ematen die zerbitzua jasotzeko, zeinu-hizkuntzako interpreteek artatutako bideointerpretazioko kanal baten bidez. Interprete horiek indarkeriaren biktima diren emakumeei arreta emateko telefonoan arreta ematen duten profesionalekin komunikatzen dira, eta itzultzaile-lanetan jardun ohi dute; une oro gordetzen da deitzen duten pertsonen konfidentzialtasuna eta anonimatua.

Mekanismo hori, telefono propioa bezala, egunean 24 orduz eta urtean 365 egunez dago erabilgarri. Gainera, SATEVIk 51 hizkuntza hitz egiten duten emakumeei ematen die arreta.

2.269 dei

Lehendakariaren bisitaldian, Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuarekin, Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasuneko sailburuarekin, Izaskun Landaida Emakunde – Emakumearen Euskal Erakundeko zuzendariarekin eta Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordearekin batera, besteak beste, aurrez aurre ezagutu ditu 2020ko 900 840 111 telefonoaren zenbait datu.

2020an, gaur arte, 2.269 dei jaso dira, beste horrenbeste emakume biktimei dagozkienak; 1.247k, gutxienez, seme edo alaba bat dute kargura (eta 1.022 ez dira ama). Deien % 55,31 Bizkaitik egin ziren (1.255), % 26,70 Gipuzkoatik (606), % 15,64 Arabatik (355) eta % 2,88 autonomia-erkidegotik kanpokoak izan ziren (53).

Dei horien % 74,10 emakumeek beraiek egin zituzten (1.681); % 19,56 beren inguruneko pertsonek egin zituzten (444), eta % 6,34, profesionalek (41).

Konfinamendu-aldia dela eta -martxoaren 15etik ekainaren 21era bitartean-, guztira 798 dei jaso ziren; haietatik, % 74,88 biktimek beraiek egin zituzten (596). % 18,59 beren inguruneko pertsonek egin zituzten (148), eta % 6,53, profesionalek (52).

Deien % 53,76 Bizkaitik egin ziren (429), % 29,45 Gipuzkoatik (2335), % 13,91 Arabatik (11) eta % 2,88 autonomia-erkidegotik kanpokoak izan ziren (23).

SATEVI

Eusko Jaurlaritzak gogorarazten du telefono-zerbitzu hau berehalakoa, anonimoa, konfidentziala eta doakoa dela, eta ez duela telefonoaren fakturan arrastorik uzten.

900 840 111 telefonoan profesionalek ematen dute arreta, psikologoek, hezitzaileek eta gizarte-langileek, nagusiki, eta horiek etengabe ari dira prestakuntza jasotzen: emakumeen aurkako indarkeriaren eta berdintasunaren arloan ez ezik, arreta integralerako ezinbesteko diziplina guztietan ere: zuzenbidea, atzerritartasuna edo psikologia, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritza honek emakumeen aurkako indarkeriaren biktima guztiei ematen die arreta, zentzurik zabalenean: ez du bakarrik arreta ematen bikotearen edo bikote ohiaren aldetik emakumeek jasaten duten indarkeria-kasuetan, baita bere familia-inguruneko bikotekideaz bestelako gizonen baten aldetik jasandako kasuan ere (aita, neba, semea…), abusuaren, erasoaren eta sexu-jazarpenaren kasuan, salerosketaren, derrigorrezko prostituzioaren, lan-eremuko jazarpenaren eta beste hainbaten kasuan. Gainera, 900 840 111 telefonoa emakume guztiei dago zuzenduta, administrazio-egoera edozein dela ere, erregularra ala irregularra, errolda izan ala ez, edo erasotzailearekin harremana izan ala ez.