‘Aita Mari’ erreskate-ontzia mediterraneo erdialdera itsasoratuko da, datozen egunotan

0

Aita Mari itsas erreskateko ontzia berriz ere itsasoratuko da Mediterraneora, datozen egunotan. Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak tripulazioa bisitatu du; tripulazioa prest dago 2018tik Meditarraneo erdialdeko uretan egiten dituen erreskate-eginkizunekin jarraitzeko. Han, Aita Marik askotan jendez gainezka datozen ontzi ezegonkorrei ematen die laguntza.

Sailburuak proiektuaren interes “sozialaren, humanitarioaren eta premiazkoaren balioa” nabarmendu du, Mediterraneoan bizi den “premiazko eta salbuespenezko” egoera kontuan hartuta, eta laguntza eskaini dio Pasaiako Portuan dagoen tripulazioari, bertan egin baitituzte ontziaren mantentze- eta egokitzapen-lanak.

202 pertsona erreskatatu dira 2020an

Covid 19-aren ondoriozko egoerak ere eragina izan du Aita Marik egiten duen lanean. 2020. urte honetan, aurreikusitako sei misioetatik, bat baino ezin izan da bete, eta urtarrilaren eta otsailaren bitartean egin zen. Nabigaziorako aurreikusitako 180 egunetatik, 36 egin ditu; eta 69 egun portuetan egon da atxikita, hainbat gertakari tarteko.

Lehen misio hartan, ontziak bi itsasontzi aurkitu zituen jitoan; bata, gomazkoa, 93 pertsonarekin, eta bestea, zurezkoa, 65 pertsonarekin. Hala, Aita Marik 90 gizon, 17 emakume (hiru haurdun) eta 51 adingabe erreskatatu zituen; adingabe horietako 39, bidaiderik gabekoak. Pertsona horiek guztiak, azkenean, Mesinan (Italia) lehorreratu ziren.

Misio horrez gainera, itsasontzia Pasaiarantz abiatu zenean, Italian konfinamenduak eragindako egoeraren aurrean, Aita Marik beste txalupa bat erreskatatu zuen; bertan, 44 pertsona zihoazen eta, gutxienez, emakume bat haurdun eta zenbait adingabe. Pertsona horiek Italiako Gobernuak gaitutako ferry batean mugitu ziren.

Hala, guztira, Aita Marik 202 pertsona erreskatatu ditu aurten.

Itsas Salbamendu Humanitarioa elkarteak, zeina Aita Mariren arduraduna baita eta larrialdietako profesionalek eta boluntario ugarik eratzen baitute, honako helburu hau du: itsasoan pertsonen bizitza babestea eta giza eskubideak defendatzea, eta, horretarako, Eusko Jaurlaritzaren laguntza du, eta ez bakarrik ekonomikoa.

Laguntza horrek Eusko Jaurlaritzak une bakoitzean premiazko inplikazio humanitarioa behar duten egoerei arin erantzuteko duen konpromiso proaktiboari erantzuten dio

Mediterraneo Erdialdeko ibilbideak, Libia, Tunez, Italia eta Malta artean, jarraitzen du arriskutsuenetako bat izaten eta bertan jarraitzen du egoten hildako eta desagertu gehien; eta bertan dihardu, zehazki, Aita Marik bizitzak salbatzen laguntzeko.

Ontziak laguntza medikorako arloa du. Zehazki, erreskatearen eta ospitalearen funtzionaltasun bikoitzak Aita Mari ontzia beste bide batzuetako migrazio-fluxuen bilakaerari erantzuteko gaitu du, bai eta ibilbideen eraldaketa horren ondorioz gainezka dauden guneetan ospitale-laguntza puntuala emateko eta kostaldeko guneetan egon daitezkeen hondamendiei edo krisi-egoerei erantzuteko Euskadiko bitarteko bat izateko ere.