Arantxa Tapia sailburuak 2020ko Korta Sariak eman dizkie Guibelalde, Bergaretxe, Suquía eta Larrañaga enpresaburuei

0
PRUEBA
  • Gaur arratsaldean, Lakuako Eusko Jaurlaritzaren egoitzan egin den ekitaldiak edukiera oso murriztua izan du
  • Sailburuak saridunei eskerrak eman dizkie euskal gizarteari egindako ekarpenagatik eta Kortaren balioei jarraipena emateko egindako ahaleginagatik
  • Enpresari gipuzkoarraren erailketaren ondoren, 2000. urtean sortu zituzten Joxe Mari Korta sariak ibilbide profesional luzeko pertsonek enpresa-munduan erakutsitako adorea saritzeko

Ekonomiaren Garapeneko, Jasangarritasuneko eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapiak 2020ko Korta Sariak banatu dizkie aurtengo irabazleei edukiera oso murriztua izan duen ekitaldi batean, egungo osasun-egoerak ezartzen dituen murrizketak direla eta. Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren egoitzako aretoan egon ezin izan diren gonbidatuek streaming bidez jarraitu ahal izan dute ekitaldia.

Joxe Mari Kortaren Bidetik Fundazioko eta Adegi, Cebek, Confebask eta SEA enpresa-elkarteetako ordezkariek osatutako eta Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburu Arantxa Tapia buru duen epaimahaiak Korta Sariak eman dizkie Jesus Maria Guibelalderi, Jose María Bergarecheri, Antton Suquiari eta Jose Luis Larrañagari, jarduera profesionala jorratu duten enpresa-sektoreetan erakutsitako konpromisoagatik, baita enpresa-balioak garatzen, enpresak irekitzen, eta jarduera eta lanpostu berriak sortzen izan duten garrantziagatik ere.

Tapiak azpimarratu du sarituen ibilbide profesionalen funtzio ekonomikoa eta soziala. Halaber, eskerrak eman dizkie egindako ahaleginagatik eta arduragatik, Euskadiko gizartea hobetzen eta aurrera egiten laguntzen baitute.

Bere hitzaldian, bizitzen ari garen uneari buruz, sailburuak hauxe esan du: “Instituzioen unea da, jakina, baina gizartearen unea ere bada; baita erakundeena eta enpresena ere. Herritarren eta pertsonen garaia da. Dena emateko unea da. Elkartasuna eratzeko unea, konfiantza sortzekoa. Eraberritzeko eta esperientziaren ibilbideari erreparatzeko unea da. Eta, uste sendoez baliatuta, lider izan behar dugu. Nahiz eta esatea eta egitea kostatzen den, geuri dagokigu jarrera positiboa izatea”.

Joxe Mari Korta Sariak 2000. urtean sortu ziren, euskal ekosistema ekonomikoaren buru diren eta beren inbertsioarekin eta lanarekin enplegua eta aberastasuna sortzen duten pertsonen ezaugarriak eta ahalegina jendaurrean saritzeko; izan ere, enplegua eta aberastasuna gizartearen onurarako elementuak dira.

Hautagaiak hiru lurralde historikoetako enpresa-elkarteek, merkataritza-erakundeek edo profesionalen elkargoek proposa ditzakete, bai eta Joxe Mari Kortaren Bidetik fundazioak eta Euskadin egoitza duten enpresek ere.

Sarituen curriculumari buruzko informazio gehiago Irekian: https://bit.ly/333YfcB