Estatuko eta atzerriko adituek zahartzeari eta hiriari buruz eztabaidatuko dute Euskal Hiria Kongresua 2020an

0
  • Eusko Jaurlaritzak eta ONU-Habitat erakundeak antolatutako topaketa gaur hasi da “Guztiontzako hiriak: Zahartzea eta gizarteratzea” goiburuarekin; lau ardatz nagusi ditu: etxebizitza, mugikortasuna, espazio publikoa eta osasunaren zaintza
  • Bi egunez, hirietan adinekoen bizi-baldintzak hobetzeko asmoz jardunbide egokien, proiektuen eta hiri-politiken inguruan eztabaidatuko dute

2050. urterako Espainiako herritarren % 37k 65 urte edo gehiago izango ditu; gaur egun, kopuru hori % 20koa da.  Urbanizazio gero eta zabalagoa eta herritarren zahartzea munduan gertatzen ari diren bi joera demografiko nagusi dira, garapen jasangarrian etengabeko inpaktu iraunkorrak eraginez. Euskal Autonomia Erkidegoan egindako proiekzioen arabera, 2030ean euskal herritarren erdiak 55 urte baino gehiago izango ditu eta 200.000 lagunetik gora 80 urte edo gehiago izango dute.  Hau da, gure lurraldeko hamar biztanleetatik batek 80 urte baino gehiago izango ditu. Horrek, ezinbestean, hirien konfigurazioan eragingo duen trantsizio bat eskatuko du, eta gizarte talde guztiak —adineko pertsonak barne— integratzeko eta benetan barne hartzeko hiriak nola ulertu, diseinatu eta kudeatu behar diren berriro aztertu beharko da.

Horregatik, “Guztiontzako hiriak: Zahartzea eta gizarteratzea” gaiaren inguruko nazioarteko adituen bileran hirietan adinekoen bizi-baldintzak hobetzeko jardunbide egokiei, proiektuei eta hiri-politikei buruz hitz egingo da, lau alderdi nagusiren inguruan: etxebizitza, mugikortasuna, espazio publikoa eta osasunaren zaintza. Jardunaldia gaur eta bihar —azaroaren 23a eta 24a— egingo da, edonor joan daiteke eta mundu osoko 200 bat adituk hartuko dute parte bertan.

Bilera EUSKAL HIRIA KONGRESUA 2020ren esparruan egingo da. Kongresua 2002. urteaz geroztik egiten da Euskal Autonomia Erkidegoan eta hiria euskal testuinguruan gaiaren inguruko eztabaida sustatzen du, gai jakin baten bitartez, hirien erronkak eta aukerak aztertuz.

Inaugurazio-ekitaldian, Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburu Iñaki Arriola fenomenoa ikuspegi aniztunetik eta tratamendu integraletik aztertzearen alde azaldu da. Halaber adierazi du, Euskal Autonomia Erkidegoko Lurralde Plangintza gaia Bultzatu 2050 hiri-agendaren bidez aztertzen ari dela honako alderdi hauen inguruan: hiri-eredua, osasuna, etxebizitza, zaintzako ekipamenduak, espazio publikoaren kalitatea, merkataritza eta hurbileko zerbitzuak.

Sailburuaz gain, inaugurazio-ekitaldian honako hauek ere hartu dute parte: Eusko Jaurlaritzako Lurralde Plangintzako sailburuorde Arantza Leturiondo Aranzamendik, Iñaki Gabilondo euskal kazetariak, Helsinkiko Unibertsitateko Gerontologia Sozialeko irakasle elkartu Kathrin Komp-ek, eta ONU-Habitat erakundeko Hiri Jardunbideen Dibisioko Buru Shipra Narang-Suri-k. Bere hitzaldian, Narang-Suri andreak azpimarratu du hirien morfologiak herritarrengan eta, bereziki, talde zaurgarriengan —horien artean adinekoak daude— ondorio zuenak dituela frogatzen duen ebidentzia enpiriko zabala badagoela. Eragin hori osasunean, zerbitzuak eskuratzeko garaian, ekitatean, gizarteratzean, segurtasunean, erresilientzia eta aukerak ematerakoan ikus daiteke. Horregatik, hiriak planifikatzeko eta diseinatzeko moduak gizarteratzeko aukerak baldintzatuko ditu.

Gaurko —astelehena— hitzaldietan, besteak beste, honako gai hauek aipatuko dira: espazio publikoak adinekoen beharretara egokituak ote dauden, eta espazio horiek irisgarriak, seguruak eta osasuntsuak ote diren. Gainera, etxebizitzaren gaiaren inguruan eztabaidatuko dute, ez irisgarritasunaren eta erosotasunaren ikuspegitik soilik, baita adinekoek behar dituzten zerbitzuen inguruan duten kokapenari eta eskuragarritasunari buruz ere.

Bihar, asteartea, mugikortasunari buruz hitz egingo dute. Gai hori oso garrantzitsua da adinekoentzat, bai osasunaren ikuspegitik, bai irisgarritasunarenetik. Kasu askotan horixe da ezinbesteko zerbitzuak eskuratzeko duten bide bakarra. Azken saioan, hirian zahartze aktiboari eta zainketei buruz, eta horiek adinekoen osasunean duten eraginari buruz hitz egingo dute adituek. Azterketen arabera, egunero bizi garen ingurunearen baldintzen eta osasunaren artean lotura handia dago; beraz, hiriek pertsonen osasuna hobetzen nola lagundu dezaketen aztertzea ezinbestekoa da.

Saio horietan, ONU-Habitat erakundeko, Euskal Autonomia Erkidegoko eskualde- eta toki-gobernuetako, nazioarteko erakundeetako, unibertsitateetako, irabazi asmorik gabeko erakundeetako, nazioarteko sare eta plataformetako, ikerketa taldetako eta beste hainbat esparrutako adituek hartuko dute parte. (Programa erantsi da)

Bileraren ondoren, bertan jorratutako kasuen azterketei, aurkikuntza nagusiei eta emaitzei buruzko txostena prestatuko da. Bertan egon nahi duenak hemen eman dezake izena: forms. gle/ivgFahJ5LwRtACMU7.

Adinekoak barne hartuta: Hiri-garapen jasangarrirako zergatik da garrantzitsua?

Hiri aberatsek jasangarriak eta inklusiboak izan behar dute inor atzean geratuko ez dela bermatzeko. Zahartzearekin lotutako aldaketa fisikoak eta sozialak orekatzeko, bereziki, bizi-ingurune aproposak behar dituzten adinekoei lagundu beharko liekete hiriek, politikek, zerbitzuek, inguruneek eta egiturek.

Adineko pertsonek talde heterogeneoa osatzen dute; hiria hainbat modutara eta modu berezian bizi dute eta premia zehatz batzuk dituzte. Premia horiek, eraikitako espazioaren ezaugarriak barne hartzeaz gain, beste alderdi ekonomiko, sozial, politiko eta kulturalak ere biltzen dituzte. Hirietan dituzten premia horien elementu nagusien artean daude alderdi fisikoak eta ingurumenekoak, sozioekonomikoak, sozialak, laguntzazkoak edo intersekzionalitateari lotutakoak.

Garapen Jasangarrirako 2030 Agendak eta, bereziki, Garapen Jasangarriko 11. Helburuak —“Hiriak eta giza asentamenduak inklusiboak, seguruak, erresilienteak eta jasangarriak egitea”— hiri inklusiboen eta pertsona zaurgarrien —adibidez, adineko pertsonak— premia espezifikoei arreta berezia emateak duen garrantzia azpimarratzen du. Hori 11. 2 helburuan —“guztientzako garraio-sistema eskuragarriak, irisgarriak eta jasangarriak eskaintzea, bide-segurtasuna hobetuz, bereziki garraio publikoa hedatuz”— eta 11. 7 helburuan —“espazio publiko eta berdegune seguru, inklusibo eta eskuragarritara sarrera unibertsala eskura jartzea”— azpimarratzen da.

Adinekoekiko egokiak eta lagunkoiak diren hiriek eta komunitateek zahartze aktiboa eta osasuntsua sustatzen dute. Adinekoei eurentzako egokia den leku batean modu seguruan zahartzeko, pobrezian ez erortzeko, pertsonalki garatzen jarraitzeko eta, autonomia eta duintasuna gordez, euren komunitateei laguntzeko aukera ematen diete.

Ingurune hobeekin, mediku-arreta hobearekin eta aukera gehiagorekin, adineko pertsonak askotan aldaketa-eragile aktiboak dira, ez euren bizitzetan soilik, baita euren komunitateetan ere. Gainera, modu osasuntsuan zahartzen diren herriak jada ez dira finantza-kostu bat soilik, finantza-onura handiak ematen baitituzte, bizitzaren garai berantiarretan lana eginez, familiei lan egiten uzten dieten aitona-amonen boluntariotzaren bidez edo euren aktibo ekonomiko propioen bidez, besteak beste.

Hori guztia kontuan hartuz, aurtengo abuztuan, Osasunaren 73. Mundu Batzarrak Zahartze Osasungarriko Hamarkada 2020-2030 onartu zuen. Plan horrek adineko pertsonak erdian ipintzen ditu eta gobernuak, gizarte zibila, nazioarteko agentziak eta abar biltzen ditu, adinekoen, euren familien eta eurak bizi diren komunitateen bizitza hobetzeko. Horretaz gain, Osasunaren Mundu Erakundeak Adineko pertsonengana egokitutako hirientzako eta komunitateentzako OMEren mundu-mailako sarea osatu du, gai honen inguruan mundu osoko hirien eta komunitateen artean elkarrengandik ikastea eta esperientziak trukatzea sustatzeko.