Marian Elorzak Atlantiko 2.0 Ekintza Planari buruzko Eskualdeetako Lantaldearen NAT Batzordearen mahai-inguruan parte hartu du

0

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak “Atlantikoko Itsas Estrategia – Atlantiko 2.0  Ekintza Planerako ikuspegi berria” mahai-inguruan parte hartu du; mahai-ingurua gaur izan da, Eskualdeetako Lantaldearen Natura Baliabideen Batzordearen (NAT) bileraren esparruan. Marian Elorzak Arku Atlantikoko Batzordearen (CCA) ordezkaritzan parte hartu du; Euskadik du Batzorde horren presidentetza.

Europako Batzordeak Atlantiko 2.0rako Ekintza Plana onartu ondoren, Europako Eskualdeetako Lantaldeak eskabide ofiziala jaso du, gaiari buruzko irizpena prestatzeko, eta, horretarako, tokiko eta eskualdeetako agintarien ikuspuntua emateko.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiaren esku-hartzea izan duen mahai-inguru horren bidez –kontsulta-prozesuaren zati bat da–, erakunde-interesatu nagusiek Atlantikoko Estrategiaren etorkizunari buruzko iritziak truka ditzakete.

Zehazki, Marian Elorzaren hitzak “Eskualdeek Atlantikoko Ozeanoen arloaren garapenean duten eginkizun”ean zentratu dira; autonomia-erkidegoaren konpromiso irmoa adierazi du eskualdeek Estrategia horren gobernamenduan duen parte-hartze aktiboarekin, estatu kide bakoitzaren erakunde-esparrua errespetatuz.

Era berean, Atlantikoko eskualdeak Brexitaren eta Covid-19-aren pandemiaren ondorioz bizitzen ari diren krisi larria aipatu du, bai eta Atlantiko 2.0 Ekintza Plan berria ere; plan horrek, azaldu duenez, Atlantikoko itsas sektoreak sustatuko ditu, itsas energia berriztagarriei bultzada irmoa emango die, konektibitatea hobetuko du, turismo-sektorea eta Atlantikoko kultura-ondarea sustatuko ditu eta espezializazio adimenduneko estrategietan oinarritzen den lankidetzan jarriko du arreta berezia.

Azkenik, Kanpo Harremanetarako arduradunak Atlantikoko Makro-Eskualde Estrategia sortzea defendatu du, eskualdeen eta estatu kideen artean lankidetzan eta koordinazioan sakontzeko aukera gisa, eta finantza-baliabideak hobeto erabiltzeko. Bere iritziz, Makro-Eskualde horrek haren itsas izaera sustatu beharko luke eta Atlantikoko eskualdeetan identifikatutako baterako espezializazio adimenduneko arloei eta Atlantikoko lurraldeen konektibitatearekin zerikusia duten gaiei lotutako potentzialarekin konektatu. Era berean, haren gobernamenduak maila anitzeko dimentsioa jaso beharko luke, non Atlantikoko eskualdeak haren gobernamenduan parte hartuko bailukete.