Eusko Jaurlaritzak berretsi egin du emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte batean aurrera egiteko eta indarkeriaren biktima diren emakumeei behar bezalako arreta eskaintzeko konpromisoa

0
Sede del Gobierno Vasco, Lakua
  • Eusko Jaurlaritzak onartu egin du zuzeneko dirulaguntzak ematea hezkuntza-ituna duten ikastetxeei, aurrez aurreko hezkuntzari eusteko helburuarekin
  • Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio Gazteriaren Euskal Legearen proiektuari, gazteria-politikak garatzeko araudi- eta eskumen-esparrua ezartzea bilatzen duena

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak agerraldia egin du Gobernu Kontseiluaren osteko ohiko prentsaurrekoan, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuarekin eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuarekin batera.

«Emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko Nazioarteko Egunaren» bezperan, emakumeen aurkako indarkeriaren errealitateak kolpatu gaitu gaur, beste kasu larri batekin: bikotekideak labankadaz zaurtitutako emakume bat egoera kritikoan dago. Zupiria bozeramaileak eraso bortitz eta onartezin berri hau gogor salatu eta gaitzetsi du, eta esan du funtsezkoa eta premiazkoa dela emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte baten alde lan egiten jarraitzea.

Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak jakitera eman duenez, bihar, azaroak 25, Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna dela eta, Gobernu Kontseiluak adierazpen instituzional bat onartu du. Bingen Zupiriaren hitzetan, adierazpen honen bidez, Eusko Jaurlaritzak berretsi egiten du Gobernuko sailen eta beste erakunde batzuen artean, koordinazioan, lan egiten jarraitzeko konpromisoa, emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte batean aurrera egiteko eta indarkeriaren biktima diren emakumeei behar bezalako arreta eskaintzeko, ahal den berme guztiekin.

Era berean, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du zuzeneko dirulaguntzak ematea hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei, Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten neurriak aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzeko. Gastu gehigarri horiek ordaintzeko erabiliko den diru-kopurua 36,6 milioi eurokoa da.

Hezkuntza sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzarentzat lehentasuna dela aurrez aurreko hezkuntzari eustea eta ikasturtea segurtasun-baldintzetan amaitzea; eta, helburu hori lortzeko, ziurtatu du giza baliabideak, baliabide materialak eta koordinazio-baliabideak aktibatu direla ikastetxe guztientzat, gaur onartutako diru-laguntzekin, baita hezkuntza-ituna duten ikastetxeentzat ere. Jokin Bildarratzek hezkuntza komunitateak presentzialtasunari eusteko egin duen ahalegina eskertu du eta osasun agintariek ematen dituzten neurri guztiak mantentzen jarraitzeko deia egin du. «Ezinbestekoa da hori egitea, ikasturtea segurtasunez amaitu ahal izateko», gaineratu du.

Bestalde, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek jakinarazi du Gobernu Kontseiluak argi berdea eman diola Gazteriaren Euskal Legearen proiektuari. haren helburua da Euskal Autonomia Erkidegoaren eremuan gazteria-politikak garatzeko araudi- eta eskumen-esparrua ezartzea. “Gobernu honentzat, gazteria gure kapital sozial onena da, eta konpromisoa hartu dugu baterako politika koordinatua sustatzeko, euskal gazteriari zeharkako ekintza eskainiko diona, haien emantzipazioari eta familia-proiektua garatzeari bide emango diona”, esan du Artolazabalek. Zehazki, lege honen helburuetako bat da gazte-ikuspegia euskal politika publikoetan sartzea.

Artolazabal sailburuak argitu du Gazteriaren euskal legeak modu egonkorrean eta bermatzailean erakutsiko dituela Eusko Jaurlaritzako sailak, hiru foru-aldundiak eta EUDEL eta gazte-erakundeak eta gazteak eurak ekintza positiboko zein neurritan dauden inplikatuta”, esan du. Gainera, sailburuak azaldu duenez, lege-proiektu honek «gazte» izendatzen du 12 eta 30 urte bitarteko pertsona oro.

Gai-zerrenda

Prentsa-txostena