Haur eta Gazte Literatura Eskolan ikastaroaren bigarren edizioan izena emateko epea irekita

0
  • Irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetzea eta horretan ariko diren irakasleen formazioa aberastea du helburutzat

 Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, Galtzagorri Elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak elkarlanean antolatutako “Haur eta gazte literatura eskolan” ikastaro osagarriaren bigarren edizioa otsailaren 4an hasiko da eta izen ematea datorren abenduaren 15era bitartean zabalik dago.

Ikastaroa irakurketaren inguruan gaurko gizartean eta, bereziki, hezkuntza-esparruan dagoen kezka bati erantzuteko asmoz sortu da. Hain zuzen, irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetzeko, eta irakurketan bitartekari diren irakasle edo irakaslegaien formazio literarioa aberasteko eskaintza izan nahi du.

Gaian interesa duen edozein pertsonarentzat irekitako ikastaroa da baina batez ere, bi hartzaile motari zuzenduta dago:

  1. Irakaskuntzan diharduten irakasleak eta hezkuntzaren munduko profesionalak.
  2. Unibertsitateko ikasleak, bereziki hezkuntza ikasketak egiten ari diren etorkizuneko irakasleak eta hezkuntzarekin zerikusia duten beste titulazioetako ikasleak, baita giza zientzietako ikasleak ere.

Ikastaroaren egitura

“Haur eta gazte literatura eskolan” ikastaroak 75 orduko iraupena izango du, 5 ikasgaitan banatuta. Saio presentzialak 3 ordukoak izango dira, eta ostegunetan emango dira, 17:00etatik 20:00etara. Saio presentzial bakoitza 2 orduko irakaskuntza ez-presentzialarekin osatuko da. Ikastaroak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren homologazioa onartuta du.

Izena emateko epea abenduaren 15era bitartean zabalik dago eta horretarako parte hartu nahi dutenek aurkezpen-gutun labur bat ere aurkeztu beharko dute. Ikastaroan onartuak diren ikasleei e-mailez jakinaraziko zaie eta 2020ko abenduaren 16tik 2021eko urtarrilaren 8ra osatu beharko dute matrikula.