Hezkuntza Sailak 36,6 milioi euro bideratu ditu covid-19ren aurkako neurriek itunpeko ikastetxeetan eragindako gastu gehigarriak finantzatzeko

0
PRUEBA

Gobernu Kontseiluak gaurko bileran onartu du, Hezkuntza sailburuak proposatuta, zuzeneko dirulaguntzak ematea hezkuntza-ituna indarrean duten ikastetxeei, Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloek eskatzen dituzten neurriak aplikatzearen ondoriozko gastu gehigarriak finantzatzeko. Gastu gehigarri horiek ordaintzeko erabiliko den diru-kopurua 36.689.760,82 eurokoa da.

Laguntza hauen onuradun izan daitezke 2020-2021 ikasturtean Euskadin honako irakaskuntza arautu hauetakoren bat itunduta duten ikastetxeak: Haur Hezkuntza, Lehen Hezkuntza, DBH, Batxilergoa edo Lanbide Heziketa.

Ezohiko diru-laguntza hauek honako gastu-mota hauek finantzatzeko emango dira:

  • Langile berriak kontratatzea edo lehendik daudenei ordu kopurua gehitzea
  • Irakasleen ordezkapenak
  • Garbiketa gastuak
  • Material informatikoa erostea edo alokatzea

Irakasle berriak eta irakasle ez diren langileak kontratatzeko zenbatekoa zehazteko, kontuan izan dira, ikastetxe bakoitzaren gela eta ikasle kopurua, eta baita ikastetxe bakoitzaren Hezkuntza Konplexutasunaren Indizea ere. Indize hau osatzeko hainbat adierazle hartu da aintzat, besteak beste, ikaskuntzaren emaitzak, hezkuntza-laguntzarako beharrak, egokitasuna, ikasleek ikastetxean duten jarraikortasuna eta maila sozioekonomikoa.

Material informatikoa erosi edo alokatzeko laguntzetarako, diru zenbateko bat ezarri da, ikastetxe bakoitzean Lehen Hezkuntzako 4., 5. eta 6. mailetan eta DBHko maila guztietan (DBH-ko 1. mailatik 4.era) eskolatutako ikasle bakoitzeko.

Garbiketari eta irakasleen ordezkapenei dagokienez, hezkuntza-itunean emandako moduluen igoerak ezarri dira: %20-ko igoera garbiketarako, eta %40-koa ordezkapenetarako.

Dirulaguntza hauen helburu diren gastuak 2020ko irailaren 1a eta 2021eko ekainaren 30a bitartean egin beharko dira, eta soil-soilik Covid-19ren aurkako prebentzio-protokoloak betetzeko neurriek hala eskatzen dutelako eginiko gastuak izan beharko dira.

Eskabideak eta egiaztagiriak aurkezteko epea hilabetekoa izango da, erabakia onartzen denetik hasita. 2020-2021 ikasturte honetan, Euskadin 314 itunpeko ikastetxe daude laguntza hauen onuradun izan daitezkeenak.