URAk urlehortarrentzako putzu bat sortu du Oiartzun ibaiaren ondoan, Errenteriako Fanderia parean

0

URA-Uraren Euskal Agentziak —Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailera atxikita — urlehortarrentzako putzu bat sortu du Oiartzun ibaiaren ondoan — Errenteriako Fanderia parean —, anfibioentzako habitat egokia sortzeko helburuarekin. Putzua Oiartzun ibaiaren eta AP-8 autobidearen artean dago, ezkerraldean, Bakearen Parkean. Lanok ibaietan lehengoratzeko eta mantentzeko lanak egiteko Udalaren eta URAren arteko lankidetza-hitzarmenaren barruan sartzen da, eta 32.000 euro (+BEZa) inbestitzea behar izan du.

Lanon muina:  terrazatxo antzerako gune txiki bat industu da ibaiaren ondoan: alegia, ertz bihurgunetsuak dituen baltsa bat. 41 m²-ko azalera bustia du. Sakonera jakin batean eraiki da euri-uraren eta ur freatikoaren  bidez (hots, lurpean pilatutako ura, kasu honetan Oiartzun ibaiak zuzenean elikatua)  urak modu naturalean bete eta jariatu ahal izateko. Besteak beste, urte osoan zehar 0,5 metroko sakonera iraunkorra izan dezan.

Bertan egon daitezkeen anfibioen artean honako hauek daude: salamandra arrunta (Salamandra salamandra), uhandre palmatua (Lissotriton helveticus), uhandre marmolaire (Triturus marmoratus), baso-igel gorria (Rana temporaria), txantxikua (Alytes obstetricans) eta iberiar apo arrunta (Bufo spinosus).

Horiek guztiek, ugaltzeko,  ur iraunkorra behar dituzten espezieak dira: korronte urrikoak eta landaretza ugarikoak. Apoen kasuan, helduaroan, gainera, zuhaixkak, barrunbeak eta babeslekuak behar dituzte. Beraz, urperatutako eremuaren perimetroan, landare helofitoak landatu dira (urazpiko lurzoruan sortzen badira ere, zurtoinak airean tentetzen direnak), eta urlehortarrentzako babesleku bat eraiki da, elkarri lotutako zurezko enborrak baliatuz; halaber, aldameneko eremu lehorreko ezpondan, zuhaixka-espezieak landatu dira, paisaia indartzeko, zein babesleku gisa lagun dezaten.

Jarduketa horrek zuhaitzak moztea beharrezkoa egin du: eremuan dauden espezie exotikoak (Platanus hispanicus) kentzea, hain zuzen ere. Eta lurrak induskatzean sortutako hondarrak erabili dira, aurrena,  baltsaren inguruko perimetroan ezponda leuntxoak sortzeko, eta,   gero,  horiexek landareztatzeko.

Proiektu honek Eskualde Garapenerako Europako Funtsaren (EGEF-FEDER) finantziazioa jasotzen du.