Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak “Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordea” osatuko duten kideak izendatuko ditu

0

 

Lehen lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburu Josu Erkoreka buru dela elkartu da gaur Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseilua. Erakunde horretan Euskadiko segurtasun publikoaren sisteman eskudunak diren edo inplikatuta dauden erakunde guztiak daude ordezkatuta: Eusko Jaurlaritza, foru-aldundiak, EUDEL, Espainiako Gobernuaren Ordezkaritza, Legelarien Euskal Kontseilua, Botere Judizialaren Kontseilu Nagusia, EAEAN eta EAEko Fiskaltza Nagusia.

 

Gaurko bileran Kontseiluak oniritzia eman dio Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Kontrol eta Gardentasun Batzordeko sei kideak izendatzeari. Kide anitzeko organo horrek polizia-erakundearekiko eta Segurtasun Sailarekiko autonomia funtzionala izango du (1/2020 Legegintzako Dekretua, uztailaren 22koa, Euskal Autonomia Erkidegoko Poliziaren Legearen testu bategina onartzen duena, 15. artikulutik 20. artikulura), eta eskubideak urratu ahal izan dituen Ertzaintza edo Udaltzaingo barruko edozein jokabide edo ekintza ofizioz edo interesdunak eskatuta aztertzeko sortuko da.

 

Batzorde horrek beti ikertuko ditu gertaerak poliziaren esku-hartzeen edo operatiboen testuinguruan edo polizia-zaintzak dirauen bitartean norbait hil edo larriki lesionatu bada. Horrez gainera, batzordeak jardunbide egokiak gomendatu ahal izango ditu eta poliziaren kode deontologikoarekin bat ez datozen jokabide-patroiak eta jardunbideak identifikatuko ditu. Batzordearen helburu nagusia izango da herritarrek polizia-jarduerari buruzko kontrolen neutraltasunean eta objektibitatean duten konfiantza eta zilegitasuna indartzea.

 

SEI BATZORDEKIDE

Batzordea osatuko dute batzordeburuak eta bost batzordekidek, eta emakumeen eta gizonen presentzia paritarioaren printzipioa beteko da eta hautagaiek prestigio aitortua, sinesgarritasuna eta esperientzia izan beharko dute segurtasun publikoaren arloan, zuzenbidean, soziologian, medikuntzan, psikologian, etikan eta antzeko arloetan. Kideen herenak Euskal Autonomia Erkidegoko poliziaren eskaletan eta kategorietan egon diren eta orain dauden pertsonen artetik aukeratuko dira, eta, gutxienez, hamabost urteko esperientzia izan beharko dute kidegoan. Beste heren bat aipatutako arlo horietan prestigio akademiko aitortua duten langileen artetik aukeratuko dira.

 

Euskadiko Segurtasun Publikoaren Kontseiluak, ezaugarri horiek kontuan hartuta, honako pertsona hauek proposatu dizkio Gobernu Kontseiluari batzordeko kide izateko: 

  • Estefanía Ocáriz Passevant.
  • José Antonio Nieto Antón.
  • Ricardo Egiguren Mendieta.
  • Javier Hernaez Manrique.
  • Joaquín Giménez García.
  • Miren Ortubay Fuentes.

 

BOST URTERAKO IZENDAPENA

Batzordeak berak hautatuko du, osoko bilkuran, zer batzordekide izango den batzordeburu. Izendapena bost urterako izango da, argitaratzen den egunetik aurrera. Izendapen hori bitan baino ezin izango da berritu, iraupen bereko denboraldietarako. Honakoak izango dira kargua uzteko arrazoiak: heriotza, agintealdia amaitzea, karguari idatziz uko egitea, abstentzio- eta isiltasun-eginbeharren ez-betetze larria, epai irmo baten bidezko ezgaitze-deklarazioa, edo dolozko delituagatiko kondena epai irmo baten bidez.

 

Batzordekideek ez dute inolako lansaririk jasoko euren lanen truke. Nolanahi ere, zerbitzu-arrazoiengatiko kalte-ordainak kobratu ahal izango dituzte. Euskal Autonomia Erkidegoko aurrekontu orokorretan partida espezifiko bat ezarriko da, batzordeak bere lanak egin ahal izateko behar bestekoa.