Abian da DANTZA MUNDUAN programaren lehengo edizioa AIKO TALDEAren on-line dantza eskolarekin elkarlanean

0
PRUEBA
  • Eusko Jaurlaritza eta AIKO Taldea, dantza maisu eta musikarien kolektiboak, akordio batera heldu dira Diasporari aikoeskola.eus webgunearen bitartez interneten bidez dantzako prestakuntza eskaintzeko

2019ko urrian Bilbon egin zen Euskal Gizataldeen VII. Mundu Batzarrean Euskal Etxeek Eusko Jaurlaritzari egindako eskaerari erantzuten dio «DANTZA MUNDUAN» programa martxan jartzeak. Covid-19ren pandemiak, gainera, bizkortu egin du beharra horrelako prestakuntza mota bultzatzeko interneten.

wwww.aikoeskola.eus ekimena AIKO Taldeak abian jarri duen euskal dantza tradizionalaren lehen plataforma digitala da, interneterako sarbidea duen edozein gailutatik dantza egiten ikasteko aukera ematen duena, eskolak jarraitzeko unea aukeratuz eta munduko edozein tokitatik.

Eusko Jaurlaritzako Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako Zuzendaritzak, «DANTZA MUNDUAN» programa honen bidez, eskola horiek on-line jarraitzeko aukera eskaintzen die kanpoan den euskal komunitatea osatzen duten pertsonei, inolako kosturik gabe, dantza kanpoan bizi diren euskaldunei erakusteko eta eskuragarri jartzeko. Izen-ematea euskal etxeen bitartez egin behar da eta izena emateko epea abenduaren 13an amaituko da.

AIKO Dantza Eskola Digitala euskal dantzaren zale guztientzako da. Astean behin emango dituzte zuzeneko klaseak. Eskola horiek tutorial moduan ere grabatuta geratuko dira eta edozein unetan jarraitu ahal izango dira. Eskolak, plataforma bezala, hiru hizkuntzatan egingo dira: euskaraz (ostegunean), gaztelaniaz eta ingelesez (igandean).

Zuzeneko eskolez gain eta prestakuntza osatzeko, plataformak nahierara dantzatzeko atal bat du, dantza guztiak urratsez urrats azaldurik. Bertan aurkitzen dira, lehen aldiz interneten, jauzi eta mutildantza guztiak, baita modu argi eta didaktikoan grabatutako dantza pausoen bilduma oso bat ere, praktikatu, inprobisatu eta koreografia propioak sortu ahal izateko.

Gaur goizean, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak eta Gorka Alvarez Aranburu Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak (Eusko Jaurlaritzaren izenean) eta Sabin Bikandi eta Patxi Laborda Aiko Taldekoek «DANTZA MUNDUAN» programaren lehenengo edizio hau aurkeztu dute Lehendakaritzan.