Arriolak garraio publiko adimenduna eta emisio gutxikoa sustatzearen alde egiten du, pertsona eta salgaien mugikortasun eraginkorra bermatzen duena

0
  • Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak ITS Euskadi Garraiorako Teknologia Adimendunen hamaikagarren biltzarra inauguratu du; biltzarra Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatu du
  • Sailburuak iragarri duenez, app bat sortu da, Euskadiko garraio publikoko operadore guztien ordutegi, tarifa eta ibilbideei buruzko informazioarekin

 

Iñaki Arriola Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioko sailburuak, gaur goizean, ITS Euskadi Garraiorako Teknologia Adimendunen biltzarra inauguratu du; biltzarra Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterrak antolatu du. Bertan, enpresak, agenteak eta erakundeak batu dira, pertsonen eta salgaien mugikortasunari aplikatutako sistema eta teknologien inguruko azken berrikuntzen inguruan.

Topaketan, Arriolak esan du Euskadiko azpiegitura- eta garraio-politika mugikortasun jasangarriaren kontzeptuan oinarrituko dela. “Horrek esan nahi du –esan du– Euskadiko garraio-sistema guztien plangintza integrala, intermodalitatearen irizpideekin, eta garraio publiko adimenduna eta emisio gutxikoa sustatzea, pertsona eta salgaien mugikortasun eraginkorra bermatzeko”.

Inflexio-puntuetako bat etorkizuneko Mugikortasun Jasangarritasunari buruzko Legeak markatuko du; haren helburua da garraioaren sistema integratuaren garapena sustatzea, zeina, 2030 Agendari begira, eraginkorra eta jasangarria izango baita, gizarte-kohesioa sustatuko baitu eta egungo ereduaren ondorio negatiboak murriztuko baititu.

Lege-esparru horrekin batera, Mugikortasun Jasangarriko Plana prestatuko da eta hark jarduteko esparru estrategikoa ezarriko du, tartean diren administrazioen eta eragileen artean koordinatuta, eta aukera emango du eredu berri horretarantz aurrera egiteko.

Arriola sailburuak gogorarazi du, era berean, Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Saila lanean ari dela legegintzaldi honetan elkarreragingarritasun-sistema sortzen amaitzeko, zeinak aukera emango baitie erabiltzaileei autonomia-erkidegoko garraio guztiak erosotasunez erabiltzeko, edozein lurraldetako operadore guztiek (autobusak, metroa, trenak, tranbiak, funikularra…) onartutako ordainbide baten bitartez.

Eginkizun horrek –esan du– euskal garraio-sistema eratzen duten eragile publiko eta pribatuekin elkarlana eta koordinazioa areagotzeko eskatzen du. Bai eta herritarrek garraio publikoaren sistemak hobeto ezagutzeko tresna telematiko egokiak garatzea ere, eta, horretarako, haren erabilera sustatzea beste aukera batzuen aurrean, eta udalerri eta lurralde historikoen arteko mugikortasunari bide ematea”.

Arriola sailburuak herritarrei eskuragarri dituzten baliabideei buruzko informazio integratua, eskuragarria eta beren beharretara egokitua emateak nolako garrantzia duen ere aipatu du. Hori horrela, Sailak asmoa honako hau dela iragarri du: aplikazio mugikorra garatzea, edozein pertsonari, edozein udalerritan eta zenbait hizkuntzatan telefonoan garraio publikoaren sareko operadore guztien informazio erabilgarria eta zerbitzukoa eta informazio osagarria (parkinak, disuasioko aparkalekuak etab.) izateko bide emango duena.