Aclimak antolatutako «Ura eta Ekonomia Zirkularra» webinarrean, birsortutakoa urak berrerabiltzearen erronkak aztertuko dituzte gaur adituek

0

Leheneratutako urak Euskadin berrerabiltzearen erronkak aztertuko dituzte gaur adituek,  Basque Environment Cluster Aclima-k antolatutako «Ura eta Ekonomia Zirkularra» webinarrean, Innobasque Berrikuntzarako Euskal Agentziarekin lankidetzan. Webinarra Espezializazio Adimentsurako Ikerketa eta Berrikuntza Estrategiaren (RIS 3 Euskadi) esparruan egiten da. Estrategia horren bidez, Euskadin I+Gn eta berrikuntzan eskuragarri dauden baliabideak biltzen dira, lurraldea oro har lehiakorra den ezagutzaren ekonomiaren jarduera-eremuetarako.

Ponentzia eta eztabaida horiek publiko interesduna dute jomuga berariaz, eta honako helburu hauek dituzte: uraren sektoreak ekonomia zirkularrean, oro har, eta Euskadin, bereziki, duen rola eztabaidatzea eta aldarrikatzea; uraren hiri-zikloaren kudeaketa erakustea, ezagutzan oinarritutako paradigma ekonomiko digitalizatu eta intentsibo batera («know how») aldatzeko funtsezko sektoreetako bat den aldetik; delako garapen jasangarrirako gakoetako bat dela ikusaraztea — Agenda 2030an,  Garapen Jasangarria lortzeko 6. helburuan adierazi legez—;  edo birsortutako hondakin-uren berrerabilpenaren errealitatea Euskadin ikusarazi eta, hari horri tiraka, balizko lan-ildo berriak irekitzea, besteak beste.

Rafael Mujeriego, Uraren Berrerabilpen Jasangarrirako Espainiako Elkarteko (ASERSA) presidentea, izango da webinarrean, Uren berrerabiltzea: ekonomia zirkularraren oinarrizko elementua tituludun hitzaldiarekin. Halaber, solasaldian parte hartuko dute, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoko gerente Pedro Barreirok; Añarbeko Uren zuzendari gerente José Ángel Ercillak; Gasteizko Udal Uren gerente Ángel Llamazaresek; URA-Uraren Euskal Agentziako zuzendari nagusi Antonio Aizek; eta Basque Environment Cluster Aclima-ko zuzendari nagusi Olga Martínek.

Euskadik ahalmen handia du industria- eta nekazaritza-abeltzaintzako jardueretan urak berrerabiltzeko. Ekonomia zirkularra eta uren berrerabilpena bultzatzea dira Eusko Jaurlaritzak aurrean dituen erronka nagusietako batzuk.

Ura Berrerabiltzeko Europako Erregelamenduaren (2020/741 EB) eta Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioak egindako Arazketa, saneamendu, efizientzia, aurrezpen eta berrerabilpenerako Plan Nazionala-ren (DSEAR Plana) helburuetako bat da, hain zuzen ere, sustatzea hondakin-urak berrerabiltzea, berrerabilpenaren esparruan hobe jarduteko aukera teknikoak eta ekonomikoak eman ematen direlakoan. Alegia, helburu nagusia baliabide ez-konbentzional horien erabilera erraztea da, ohiko baliabideen ordez: horien erauzketak ingurune-urtarrean erasana sortzen baitu. Horrela, birsortutako uren berrerabiltzea sustatuz, aurrera egingo da ingurumen-helburuak  betetzearen eta, aldi berean, ur-eskariak ondo asetzearen alde.

Euskadik badu aukera tratatutako hondakin-ura berrerabiliz, baliabide hidrikoak ugaritu, zein horien erabilera hobetu eta handitzeko;  eta lehentasunezko helburu gisa planteatu du hori garatzea bere ekintza hidrikoaren esparruan. Neurri mota horrek, parez pare,  baliabide konbentzionalaren erabilera arrazionalizatzeko bidean sakontzen jarraitzea du ezinbesteko.

Horregatik guztiagatik, URA-Uraren Euskal Agentziak eta Basque Environment Clusterrak (Aclima) lankidetza-hitzarmen bat sinatu zuten 2020ko ekainean, Euskal Autonomia Erkidegoko industrian hondakin-uren araztegiko efluenteak berrerabiltzea sustatzeko ekintza-plan bat garatzeko, 200.000 euroko balioarekin eta 24 hilabeteko iraupenarekin. Beren ezaugarriak eta kokapena direla eta, birsortutako urak onartu ahal izateko hautagaitzat jotzen diren industria-prozesuak identifikatzea eta lehenestea da hitzarmen horren xedea. Horretarako, beharrezkotzat jo zen azterketa bat egitea, honako hauek ebaluatzeko: alde batetik, industria-prozesuetan birsortutako urak erabiltzearen bideragarritasun teknikoa; eta, bestetik, horiek gauzatzearen bideragarritasun ekonomikoa.