Artolazabal sailburuak Palestinako herriarekiko Eusko Jaurlaritzaren konpromezua berretsi du

0

Beatriz Artolazabal Berdintasuneko sailburuak, CAF taldeak eta Saphir eraikuntza-enpresak eratzen duten partzuergoari esleitutako Jerusalemgo tranbiaren proiektua dela-eta, honako hau esan du: “eremuko enpresa-jarduera orok ez dakar, halabeharrez, giza eskubideen urraketa”. Eta euskal konpainiak berak berriz ere esan duela proiektuari, barrutik, “legezkotasunaren eta etikaren inguruko analisia egin zitzaiola aurretik»; analisi horrek beharrezko estandarrak betetzen direla egiaztatu du.

Nolanahi ere, sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak Palestina herriarekin duen konpromisoa, eta esan du Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak Palestinako proiektuetarako 1,3 milioi euro bideratu dituela laguntzetara.

Elkarrekin Podemoseko Iñigo Martínez legebiltzarkideak CAF enpresa Jerusalemen eraikitzen ari den tranbiari buruz eginiko galderari erantzuteko, sailburuak berriz ere esan du “ez Nazio Batuek ez Europar Batasunek ez diotela zehapenik jarri Israelgo Estatuari. Ez dago eragozpenik ez nazioarteko dimentsioan ez Europakoan, Europako enpresek Israelen kontratu-jarduerak egiteko”.

Berdintasuneko sailburuak, era berean, euskal enpresen nazioartekotzea defendatu du, “funtsezko elementua baita enpresei eusteko mundu globalean. Iraunkortasun horrek aberastasuna eta enplegua dakartza”.

“Euskal administrazioen eta Gobernu honen politika ekonomikoaren oinarrietako bat euskal enpresa-egitura nazioartekotzeko politika irmoki bultzatzearena izan da eta da”, esan du.