Ertzaintzak eta udaltzaingoek kontrolak areagotuko dituzte asteburu honetan, Euskadin mugikortasuna murrizteko ezarritako neurriak eta osasun-arauak betetzen direla bermatzeko

0

Ertzaintzak eta udaltzaingoek asteburu honetan berriz areagotuko dituzte errepideko kontrolak mugikortasunean ezarritako murrizketak betetzen direla zaintzeko. Horrez gainera, maskara behar bezala erabiltzen dela, pertsonak gehienez ere seiko taldetan elkartzen direla eta gainerako osasun-arauak betetzen direla zaintzen jarraituko dute.

Polizia-zaintzaren bidez COVID-19ak eragindako pandemia kontrolatzeko lehendakariak emandako dekretuak betetzen direla bermatu nahi da. Indarrean dagoen araudiak Euskadiko herritarren mugikortasuna norbera bizi den udal-barrutira mugatzen du, eta 06:00etatik 22:00etara, besteak beste, osasunarekin edo lanarekin zerikusia duten arrazoiak izanik salbuespena. Horregatik guztiagatik, autonomia-erkidegoan eta udalerrietan sartzeko edo horietatik irteteko behar ez diren desplazamenduak saihesteko, gaurtik, ostiraletik, hasita eta asteburu osoan zehar, Ertzaintzak eta udaltzaingoek areagotu egingo dituzte errepide-sare nagusian eta bigarren mailakoan koordinatuta egiten ari diren errepideko kontrolak.

Mugikortasunaren kontrolak areagotzeaz gainera, polizia-dispositiboek gainerako zaintza-lanak egiten jarraituko dute osasun-arauak betetzen direla bermatzeko, besteak beste, maskara nahitaez eta behar bezala erabiltzea, eremu publiko eta pribatuetan pertsonak gehienez ere seiko taldetan elkartzea, kalean alkoholik ez kontsumitzea eta eremu publikoetan ez erretzea baldin eta ezin bada gutxienez 2 metroko distantzia mantendu gainerako erabiltzaileekin.