Javier Hurtado: “Gure gizartean merkataritzak duen papera guztion ardura da: norbanakoarenak diruditen erabaki batzuek ondorio kolektiboak dituzte”

0

Kontsumoa suspertzeko “Euskadi Bono Denda” kanpainak jada 9 milioi eurotik gorako inpaktua izan du eta, urtea amaitu aurretik, 15 miloi eurotik gorakoa izango da.

Hurtado sailburuak Black Friday-n kontsumo arduratsua egiteko deia luzatu du, eta denda txikiek “plataforma erraldoi batzuekin baldintza berdinetan lehiatzen ez dutela —hauetako askok zergak hemendik kanpo ordaintzen dituztela kontuan hartzen badugu—” gogoratu du.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, gaur, Eusko Legebiltzarreko osoko bilkuran hitz egin du “Euskadi Bono Denda” kanpainaren nondik norakoak azaltzeko eta gaurkoa bezalako egunetan —Black Friday— dendek gure gizartean duten papera guztion ardura dela, eta norbanakoarenak diruditen erabakiek ondorio kolektiboak dituztela kontuan hartzea azpimarratzeko. “Argi dago —esan du— tokiko dendak, aldatzen ari den —pandemiaren aurretik aldatzen hasita zen— eszenatoki batera egokitu behar direla, kontsumoko eta ordaintzeko ohitura berriekin eta gero eta gehiago konektatuak dauden kontsumitzaileekin. Iraganean beharrezkoa zen digitalizazioa, gaur egun ezinbestekoa da, eta gure sailetik dendei eraldaketa digital hori egiten laguntzen ari gara. Baina digitalizazio-maila alde batera utzita, arazoa da denda txikiek ez dutela plataforma erraldoi batzuekin baldintza berberetan lehiatzen, plataforma horietako askok zergak hemendik kanpo ordaintzen dituztela kontuan hartzen badugu”.

“Euskadi Bono Denda” kanpainaren inguruan adierazi du oraindik 150.000 bono baino gehiago daudela Euskal Autonomia Erkidegoko dendatan erabili ahal izateko eta, era horretan, bertako dendei laguntzeko eta gure ekonomiaren garapenean parte hartzeko. “Atzora arteko datuen arabera —zehaztu du—, jaulkitako 500.000 bonoetatik 318.000 bono pasatxo trukatu dira, hau da, ia 3,2 milioi euro. Une honetan jada 9 milioi eurotik gorako inpaktua eragin dela eta urte-amaiera honetan 15 milioi euro gainditzea espero dugula esaten ari gara.

Azkenik, Black Friday moduko egunei aurre egiteko eta eskaintzekin ez aztoratzeko, itzulketak ekiditeko eta paketeen gehiegizko trafikoa saihesteko, zuhurtziaz jokatzea, eta aldez aurretik planifikatzea eta informatzea gomendatu du sailburuak. “Gure erosketak planifikatzen ez baditugu —ohartarazi du—, zaratari eta eskaintza paregabeei itsu-itsuan jarraitzen badiegu, gure eskubideak ezagutzen ez baditugu, frustrazioa, gastu handiagoa edo iruzurra baino ez dugu aurkituko. Jokabide horren bitartez itzulketak, eta paketeria eta garraioa gehiegi mugitzea eragiten dugu, eta hori ez da jasangarria. Itsu-itsuan erosiz ez dugu ez gure bizi-kalitatea ez gure ingurunea hobetzen”.