Ertzaintzaren ‘Erasoak’ ikerketari esker pornografia online egiteko emakume adingabeak erakartzen zituzten hiru pertsona identifikatu ahal izan dira Espainian

0

Saioetakoren batean 40 herrialde baino gehiagotako ia bost mila erabiltzaile konektatu ziren

Erandio, 2020ko azaroaren 29a 

Ertzaintzak orain dela gutxi amaitu duen ‘Erasoak’ operazioari esker pornografia-saioak egiteko emakume adingabeak erakartzen zituzten hiru gizonezko identifikatu ahal izan dira. Saio horiek zenbait kasutan milaka ikusle biltzen zituzten. Madrilen, Malagan eta A Coruñan bizi diren hiru pertsona horiei eginbideak ireki dizkiete, judizialki ikertu gisa, sexu-askatasunaren kontrako delituengatik, eta euren etxebizitzetan sartu eta miaketa egin dute.

Lehenengo informazioak Hernaniko Ertzain-etxean jaso zituzten, eta Ertzaintzako Informazio Teknologietako Delituen Atal Nagusiak (SCDTI) otsailean hartu zuen bere gain ikerketa. Atal horrek Internet bidez emakume adingabeak erakartzen ari ziren hainbat pertsona identifikatu zituen. Adingabeei dirua, markako jantziak, sare sozialetan jarraitzaileak sustatzea eta beste hainbat mesede eskaintzen zizkieten online eta zuzenean erabiltzaile ezezagunen aurrean konexio pornografikoak egitearen truke. Era berean, saio horiekin helduentzako ikus-entzunezko materiala sortzen zuten eta bideo eta irudi pakete gisa saltzen zuten.

Orain arte lau biktima bakarrik hauteman diren arren, guztiak adingabeak, 12 urtetik 15 urtera bitartekoak eta Gipuzkoako eta Arabako herrietan bizi direnak, ikerketa zabalik dago, uste baita jende gehiago dagoela inplikatuta.

Eginbideak Donostiako 5. Instrukzio Epaitegira eta Donostiako Adingabeen Fiskaltzara bideratu dituzte, ustezko delitugileetako bi adingabeak baitira. Organo judizial horretatik koordinatu da urrian eta azaroan burutu den ‘Erasoak’ operazioa. Eta operazio horren ondorioz salaketak jarri dizkiete hiru pertsona horiei eta euren etxebizitzak miatu dituzte Guardia Zibileko baliabideek lagunduta. Hiru ikertuak Madrilen, Malagan eta A Coruñan bizi dira. Miaketa horietan telefoniako eta informatikako aparatu ugari eta delituarekin zerikusia duten ikus-entzunezko artxiboak atzeman dituzte.

Modus operandia

Nahiz eta ikertuek ez zuten aurrez aurre elkar ezagutzen, uste da erabiltzaileen artean era guztietako artxiboak, eta, horien artean, eduki sexuala dutenak, diruaren truke partekatzeko sortutako Interneteko foroetan topo egin zutela.

Ikertu guztiek modu berean jarduten zuten. Lehenbizi, sare sozialetan profilak irekita zituzten neska gazteekin harremanetan jartzen ziren ausaz. Horrela, mezu pribatuak bidaltzen zizkieten dirua, markako jantziak, mugikorrak, sare sozialetako profiletarako jarraitzaileak eta beste hainbat konpentsazio emango zizkietela aginduz, erabiltzaile askoren aurrean sexu-edukia zuten konexioak zuzenean egitearen truke. Ikerketan egiaztatu zen delitugileek bereziki adingabeak bilatzen zituztela etekina handiagoa izan zedin.

Aipatutako mezu horiek jasotzen zituzten neskek proposamena onartzen bazuten, ikertuak euren jarduera mediatikoa kontrolatzen hasten ziren. Lehenbizi, euren arrastoa ezkutatu nahian, biktimei sare sozial batean profil bat sortzeko agintzen zieten. Aldi berean, eurek ekitaldia argitara ematen zuten sare sozialetako foro eta taldeen eta mezularitzako aplikazioen bidez.  Hedapenerako eta publizitaterako horien gaitasunaren adibide moduan adierazi behar da hilabetean 43 herrialde ezberdinetako 4.891 erabiltzailek bat egin zutela delitu-jarduera horiek sustatzen zituen taldeetako batekin.

Saioa amaitu ondoren, ohikoa izaten zen ikusle gisa parte hartu zuten erabiltzaileak ikerketapean dauden hiru pertsona horiekin harremanetan jartzea adingabeak bideodei pribatuen bidez eurekin harremanetan jartzea nahi zutela esanez, eta horietan berriz ere saio sexualak eskatzen zizkieten. Erabiltzaileak zuzenean ikertuei ordaintzen zien zerbitzua, eta hauek, zenbaitetan, biktimekin partekatzen zuten irabaziaren zati bat.

Azkenik, adingabeen jarduera sexual hori guztia bideoetan eta argazkietan jasotzen zuten, eta gero saltzeko argitara ematen zituzten, online saioak deitzeko erabiltzen zituzten sare sozialetako foro eta talde berberak erabiliz. Ikerketak zabalik jarraitzen du, eta ez da baztertzen delitu horiek egiten neurri batean edo bestean parte hartu ahal izan duten beste hainbat pertsona identifikatzea.