Osakidetzaren bularreko minbizia goiz detektatzeko programak 25 urte bete ditu

0

Gaur arte, 2 milioi mamografia egin dira, eta 10.300 minbizi detektatu dira; gehienak, aldi goiztiarretan

 

Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak 25 urte bete ditu gaur. Gaur arte, 2 milioi mamografia baino gehiago egin dira, eta, haien bidez, 10.300 minbizi baino gehiago detektatu dira Euskadin, gehienak aldi goiztiarretan. Egin den azken gogobetetasun-inkestaren datuen arabera, ia emakume parte-hartzaile guztiek uste dute programa beharrezkoa dela eta, kasu askotan, bularreko minbizia lehen faseetan detektatzeko balio duela.

Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programa lehen aldiz 1995eko azaroaren 29an hasi zen, Arabako arlo sanitarioan, eta, 1997tik aurrera, Euskadiko gainerako eskualde sanitarioetara zabaldu zen. Hasieran, 50 eta 64 urte bitarteko emakume guztiei zuzentzen zitzaien, eta, 2006an, 69 urtera arte luzatzea onetsi zen. Gainera, 2011n, baheketan lehen graduko bularreko minbizia duten familiartekoen aurrekariak dituzten 40 eta 49 urte bitarteko emakumeak sartu ziren. Programaren helburua da bularreko minbizia ahalik eta aldi goiztiarrenean detektatzea, kausa horren ondoriozko heriotza-tasa murrizteko eta eraginpean daudenen bizi-kalitatea hobetzeko, eta, horretarako, tratamendu kirurgiko kontserbatzaile ez-mutilatzaile gehiago egitea.

Programa honako honetan datza: bi bularretako mamografiak egiten dira; probak bi urtean behin errepikatzen dira. Deia gutunaren bidez egiten da; bertan, lekua, data eta hitzorduaren ordua ageri dira. Proben emaitzak gutun bidez jasotzen dira, 6 edo 7 eguneko epean.

Programa hau abian jarri zenetik 2020ko ekainera arte, 2.193.076 mamografia egin dira; haien bidez, 10.392 minbizi detektatu dira, gehienak aldi goiztiarretan. Emakumeek programari ematen dioten erantzuna bikaina da, 25 urte hauetako parte-hartze metatuan ikusten denez (% 80koa da).

Lan garrantzitsu hori egiteko, Osakidetzaren Bularreko Minbizia Goiz Detektatzeko Programak, gaur egun, kudeaketa-unitate 1, 11 baheketa-unitate, 7 balioespen-unitate eta erreferentziazko 6 ospitale ditu, eta haietako Bularreko Batzordeek, asteko saio klinikoetan, urrats diagnostiko-terapeutikoak eta lesio susmagarrien segimendua ezartzen dituzte.  Horren guztiaren buru emakume kaltetu guztiei zerbitzurik onena eta arreta integrala eskaintzea helburu duen profesional-talde bat da.

EMAKUME PARTE-HARTZAILEEN GOGOBETETASUNA

Azken partaidetza-inkestaren datuen arabera -2018koa-, ia emakume parte-hartzaile guztiek uste dute programa beharrezkoa dela eta, kasu askotan, bularreko minbizia lehen faseetan detektatzeko balio duela. Emakume horien ia gehienek berriz ere mamografia egitea dute buruan, programak berriz ere dei egiten dienean

Oro har, hamar emakumetatik bederatzik diote “oso pozik edo nahiko pozik” daudela programarekin, bai antolamenduarekin bai jasotako informazioarekin, bai eta tratuarekin eta arreta eman dieten langileen profesionaltasunarekin ere.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko azaroaren 29a